Eraikiz

Berria, Uxue Apaolaza, 15-05-2008

Kezkaturik zegoen nobia gaztea, mutilak Errumaniara joan behar baitzuen lanera. «Kezkaturik?», bai; ez dira gaiztoak Espainiaratzen diren errumaniarrak bakarrik, han geratzen direnak ere berdinak dira, ijitoak bezala. Oporretan joan zen lagun batek esan omen zion – gainera Errumanian ijito asko dago, doble gaiztoak dira horiek – .

Isaac Rosari irakurri nion aspaldi Espainiak bazuela dagoeneko sacamantecas berria; errumaniarrak. Eta are izango dira orain, uzten genizkien lanak amaitu direnean, ez ditugu beren besoak gehiago behar.

Ahaztu egin zait esatea, nobioaren lana Errumanian etxeak egitea zen, «Espainian, datozen bost urteetarako gutxienez eraiki baitugu eraiki beharrekoa; errumaniarrek hemen diru pixka bat egin, eta orain etxea erosi nahi dute han. Espainia dirudi hark, baina hirurogeigarren hamarkadan». Eta erosi nahi ez badituzte, salduko dizkiegu. Joan daitezela bueltan behintzat, hemen sobera daude, eta han, espainiar eraikitzaileek planifikatutako etxeak norbaitek eraiki beharko ditu.

Mallorcako denda batean argi daukate; joaten ez badira, bota egingo ditugu. Kartela jarri dute argi gera dadin. «Debekaturik sartzea aurrez abisatu gabe; zakurrak eta errumaniarrak». Nago zakurrek etorkizun hobea dutela Europan, etorkinek baino.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)