Napoliko bizikidetza jasangaitza
Italian atzerritarren aurkako indarkeria berpiztu da, neska errumaniar bat ustez haur bat bahitzen ahalegindu delako Ponticelli auzunean.
Berria, , 15-05-2008Ijitoek Napoli hiriko Ponticelli auzunean zuten kanpalekua utzi behar izan dute, Poliziak lagunduta, bizilagunek larunbataz geroztik egindako erasoen erruz. Ustez, hamasei urteko neska ijito bat sei hilabeteko haur bat bahitzen saiatu zen, eta orduan berpiztu zen Napolin italiarren eta kanpotarren arteko bizikidetza gatazka. Lekukoen arabera, haurraren amak ohartarazita, bizilagunek bahitzaile gaztetxoa geldiaraztea lortu zuten, eta Poliziarengatik izan ez balitz, jipoia emango zioten ijitoari. Handik hiru ordura mendekua bete zuten: bi ijito gazteri eraso zieten, eta bat larriki zauritu zuten, bizkarrean labana sartuta. Areago, atzerritarren kanpalekuei molotov koktelak jaurtiki eta harrika egin diete bizilagun askok.
Haurra bahitzen saiatu zelakoan atxilotu egin dute neska, baina herritarrak ez ditu ase, eta ijitoen bizilekuen aurkako erasoekin jarraitu dute. Jakinarazi gabeko beste inguru batera lekualdatu behar izan ditu Poliziak ijitoak. Bestalde, bizilagunek etxeen segurtasuna bermatzeko patruilak sortu dituzte, hots, ijitoei osoki leporatu dizkieten erasoetatik babestu asmoz.
Ez da lehen aldia Italian jarrera xenofoboa azaleratzen dena. Iaz GAPE Etnia Garbikunderako Talde Armatuak ultimatuma helarazi zien Italiako ijitoei. Hogei eguneko epean herrialdetik alde egin behar zuten. Mehatxua aintzat hartzeko modukoa zen gainera, lau ijito kiskalita hil baitzituen talde horrek.
BOZAK, GIZARTEAREN ISLA. Atzerritarren aldeko elkarteek salatu egin dituzte erasoak, eta zigor gogorrak eskatu dituzte. Hala ere, kontrakoa da Italiako Gobernu berriaren norabidea. Silvio Berlusconiren gobernua osatzen duten alderdiek paperik gabekoen aurkako neurri gogorretan oinarritu dute bozen garaipena. Atzo, lortu zuen Kongresuan konfiantza mozioa, eta Senatuan ere ez dute arazorik izango.
Bestalde, Berlusconik eta Romano Prodi lehen ministro ohiak Abu Omar imamaren bahiketan lekuko gisa hitz egingo dute. Italiako zerbitzu sekretuen kideak eta CIAko 26 agente daude auzipetuta hor.
(Puede haber caducado)