Beltz-tratulari berriak
Berria, , 14-05-2008Merke ateratzen da gero etorkinak merkantziatzat edo esklabotzat erabiltzeaz kondenatutakoak ordaindu beharreko zigorra. Merke, oso merke, harrapatu ez balute lortuko zukeen irabaziarekin alderatuta.
Arriskatzea merezi du. Barrenak huts eta bihotza hezur izanez gero.
Justizia egin omen da. Gaizkileak ordaindu egin beharko omen du; dirutan, eta bi urtez abokatutzan ezin jardun. Kartzela saihestuta, 4.600 euro ingururen truke.
Bilboko justizia jauregiko atarian, biktimak pozarren. Besarkadak, eta beren kausa aurrera atera duen abokatuari bibaka.
Abokatuari eta Harresiak Apurtuz erakundeari esker lortu baitute abokatu ustelak «paperen truke» iruzur egin zien etorkinentzat itxaropen atea irekitzea. Haiengatik ez balitz, beharbada honezkero Senegalen eta Afrikako beste herrialde batzuetan egongo bailirateke. Justizia administrazioak eta gainontzeko estamentuek trabak baino ez baitituzte jarri, eta ikerketa guztia boluntarioek egin baitute.
Hori kontuan hartuta, ez da bada tentagarri izango beltz – tratulari izatea?
Justizia – edo egin omen da. Baina ez da zirkulua itxi. Itxaropen atea zabaldu zaie hiru urteotan egoera legala linboan izan duten hamarnaka laguni. Baina ate hori igarotzea falta zaie.
Espainiako Atzerritarren Legearen arabera, esplotazio sareen, mafiaren edo bestelakoen biktima izan diren etorkinei bizitzeko eta lan egiteko paperak eman behar zaizkie automatikoki, sare hori hausten lagundu baldin badute. Arau anker horren azpian bizi behar dutenei legeak uzten dien zirrikitu hori irekitzea, legezkoa ez ezik, bidezkoa ere bada.
(Puede haber caducado)