Kontseilua: «Euskaldunok euskaldun eleaniztun gisa iraungo dugu»
Euskaldun eleaniztunak sortzeko hezkuntza proposamena aurkeztu du Kontseiluak
Berria, , 09-05-2008maite asensio
Bilbo
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hizkuntza ereduen 25 urteko esperientziak argi uzten du, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ustez, ereduok ez dutela ikasleak euskalduntzeko gaitasun bera. D ereduan, ikasleen %57 euskalduntzen dira; B ereduan, ikasleen %25; A ereduan, aldiz, ez da ikaslerik euskalduntzen. Ondorioetatik abiatuta, ereduen sistema aldatzeko ekimena abiatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. 2007ko martxoan Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Esparruak helburu argi bat ezartzen du: derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek ongi menderatu behar dituzte bi hizkuntza ofizialak, eta, gainera, atzerriko hizkuntza bat edo bi. Esparru hori garatze aldera, Kontseiluak bere ekarpena egin du: Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen izeneko porposamena. Izan ere, «euskaldunok euskaldun gisa iraungo badugu, euskaldun eleaniztun gisa iraungo dugu», iritzi dio Kontseiluak.
Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena aurkezteko jardunaldiak egin zituen Kontseiluak atzo, Bilbon. Ekimenak hezkuntzaren arloko eragileen aldetik babes handia izan du. Halaber, eragileon ordezkaritza sendo batek jardunaldietako mahai-inguruan parte hartu zuen atzo: Ikastolen Konfederazioak, Euskal Herriko Ikastolen Guraso Elkarteak (EHIGE), Kristau Eskolak-ek, Sortzen Ikasbatuaz-ek eta Hik Hasik. Hona hemen proposamenaren ardatz nagusiak, baita eragileek egindako hausnarketak ere.
Euskara, eskolako hizkuntza
Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Esparruak ezartzen duenez, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiek euskara eta gaztelania ongi menderatzeko, euskarak eskolako hizkuntza izan behar du ezinbestean. Kontseiluaren ustez, ezinbestekoa da euskara lehenestea: «Ukipenean dauden hizkuntzen artean, kooperazioa sortu beharrean, lehia sortzen da: gaztelania eta frantsesa lehian daude euskararekin. Ondorioz, eta ukipen hori dela eta, euskarak lehentasuna izan behar du, euskara erabilgarria ikus eta gerta dadin». Hartara, etxeko hizkuntza euskara ez duten ikasleentzat murgiltze eredua proposatzen du Kontseiluak; etxeko hizkuntza euskara dutenentzat, berriz, mantentze eredua.
Eskolako hizkuntza bakarra euskara izateak, ordea, eztabaida handia sortu du, A ereduaren aldekoek bultzatuta. Oposizio hori «politikoa» dela adierazi zuten hezkuntza arloko eragileek atzoko jardunaldietan. «Ez gara ezer inposatzen ari. Euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak diren neurrian, ikasleek horiek jakiteko eskubidea dute. Inork ezin du eskubide hori urratu, ezta ikasleen gurasoek ere. Gurasoek ezin dute erabaki seme-alabek zenbat matematika ordu izango dituzten», azaldu zuen EHIGEko Ana Eizagirrek.
Euskararen funtzionaltasuna
Kontseiluaren ustez, eskolak hizkuntzaren ezagutza eta erabilera bermatu behar ditu. Euskara funtzionala gertatu behar zaie ikasleei, proposamenak dioenez. «Haur eta gazteek ikasten ari diren hizkuntza bizia eta baliagarria zaiela sentitzen eta baieztatzen duten neurrian ikasi eta erabiliko dute». Izan ere, hizkuntzak balioa irabazten du komunikazio egoera guztietarako erabilgarria denean; hartara, hizkuntza zerbait egiteko edo ikasteko tresna edo bitartekoa denean, eraginkorragoa da.
Prozesu horretan, funtsezkoa da ahozkotasuna lantzea. «Ikasleek gehiago eta hobeto ikasten dute elkarren arteko eta irakasleekiko interakziotik». Bada, horretarako baldintza egokiak bideratzea proposatzen du Kontseiluak, hau da, eskolako metodologia moldatzea, euskararen erabilerak tartea izan dezan. Besteak beste, ahozkotasuna lantzeko ordu kopuru bat ziurtatzea edota, taldeak antolatzean, kideen arteko interakzioa bermatzeko kopuru egokia lotu behar dela dio.
Haur Hezkuntzatik hasi
«0-3 urteko epea oso garrantzitsua da hizkuntzaz jabetzeko, adin horretako haurrek duten gaitasuna aparta delako». Beraz, euskara ahalik eta lehen irakasten hastea beharrezkoa da Kontseiluarentzat, haurrak urte gutxian euskalduntzea lortzeaz gain, euskararen oinarriak ere sendotuko direlako. «Aukera merkeena, errazena, koherenteena eta logikoena litzateke», dio proposamenak.
Eusko Jaurlaritzaren esparrua, ordea, Lehen Hezkuntzako lehen mailatik aurrera hartu beharreko neurriez ari da, baina ez du Haur Hezkuntza aipatzen. Kontseiluaren iritziz, euskararen irakaspena sei urterekin hastea oso berandu da, eta emaitza gordinak izan ditzake. «Euskararen irakaspena ez bada nahikoa goiz hasten, ingelesa baino gutxiago ikasiko dute, nahiz eta ordu gehiago eskaini haren irakaskuntzari. Hizkuntzen arteko lehiaketa legearen ondorioa da».
Baina haurrek ikasteko duten gaitasunari ez ezik, maila afektiboari ere erreparatzen dio proposamenak. Izan ere, haurrek beren mundu sinbolikoa 3 urte bitarteko epean osatzen dute. «Eta haurra euskarara afektiboki hurbiltzeak, zalantzarik gabe, euskararekiko atxikimendua estutzea eta ondorengo ikasketa bidea leuntzea lekarke».
Gaztelaniari dagokionez, Kontseiluaren ustez, ez da Lehen Hezkuntzako bigarren ziklora arte irakasten hasi behar, hau da, ikasleak zortzi urte eduki arte. Izan ere, prozesu hori jarraituz gaztelania menderatuko dutela adierazten dute orain arteko hizkuntza ereduen emaitzek.
Hizkuntza Proiektua
Ikastetxe guztiek hezkuntza proiektua garatzeko autonomia duten neurrian, Hizkuntza Proiektu bat ere eduki beharko luketela uste du Kontseiluak. Bertan, euskararen erabilera areagotzeko oztopoak eta etenak identifikatu, eta horiek gainditzeko estrategiak zehaztu behar dituzte zentroek. Halaber, hezkuntza komunitatean zein eskolaz kanpo jarduteko aukera aztertu beharko luke. Gainera, atzerriko hizkuntzen irakaspena noiz hasi xedatu beharko lukete proiektuok. Kontseiluak irakaspen goiztiarra gomendatzen du, Haur Hezkuntzan hain zuzen.
Ebaluazioa
Jaurlaritzak ebaluazioekin agertu duen «obsesioarekin» kezkatuta agertu dira eragileak. Kontseiluaren ustez, ebaluazioak beharrezkoak dira, ahulguneak identifikatzeko batik bat, baina tresnak izan behar dute, hau da, ez dute helburu bilakatu behar. Ebaluazioa gaizki aplikatuz gero «frustrazioa» eragin dezakeela adierazi du Kristau Eskoletako lehendakari Mikel Ormazabalek.
Ikasle etorkinei ama hizkuntza irakastea proposatu dute
Gero eta ikasle etorkin gehiago dago Euskal Herrian, eta horiek euskarara erakarri nahi ditu Kontseiluak, haien jatorrizko hizkuntzarekiko errespetutik abiatuta. «Ikaslea onartua sentituko da bere hizkuntza eta kultura baloratzen diren neurrian, eta hori erabakigarria izango da ikasle horrek euskararekin izango duen jarreran». Ikuspegi horrekin bat etorri zen atzo Felix Etxeberria EHUko Pedagogia katedraduna. Gai horren inguruko sentsibilizazioa areagotzeaz gain, ikasle etorkinen ama hizkuntzari tratamendu berezia ematea proposatu zuen, ahal den neurrian behintzat. Hizkuntza horietako oinarrizko hitzak irakasteko edo kulturen inguruko jaialdiak antolatzeko aukera aipatu zuen. Era berean, ikastetxeek jatorri bereko ikasle kopuru jakin bat bilduz gero, haien ama hizkuntza hautazko ikasgai modura eskaintzea proposatu zuen. Horretarako guztirako, ordea, baliabide gehiago behar dela nabarmendu zuen.
(Puede haber caducado)