Frantziako paperik gabekoen matxinada

Beren egoera arautzeko exijitzeko greban daude paperik gabeko ehunka langile; sindikatu eta talde solidarioen babesarekin hainbat egoitza okupatuta dauzkate Paris aldean.

Berria, , 04-05-2008

ander fadda

Paris

1968ko maiatzeko ikasle eta langileen greben 40. urtemugan, paperik gabeko ehunka langileren mugimendu batek astintzen du Frantziako Gobernua. Hemen lan egiten dugu eta hemen bizi gara; hemen geratuko gara lelopean, beren egoera arautzea exijitzen ari dira paperik gabeko ehunka langilek. Iragan apirilaren 15ean greba hasi zuten 600 bat langilek gehienak jatorri afrikarrekoak eta CGT Lanaren Konfederakunde Orokorra sindikatuak. Parisko eskualdeko dozenatik gora enpresatan daude greban, eta protesta makina bat jatetxe, ostatu, supermerkatu, eraikuntza lan eta segurtasun enpresetara zabaldu da, baita beste hiri batzuetara ere.

Horrez gain, herenegun iluntzean gose greba hasi zuten agiririk gabeko ehunka lagunek, atzerritarrentzako Vincennesen (Paris) dagoen atxiloketa gunean. Atxilotutako guztiak askatzea, Frantzian legez kanpo bizitzeagatik beren aurka jarritako salaketa judizial eta administratibo oro etetea, eta kalte-galerak estaltzea atxilotzean lana edota etxebizitza galdu eta senideengandik bereizi dituztelako galdegiten dute.

Atzo goizaldean, gainera, paperik gabeko 200-300 langilek CGT sindikatuaren bi egoitza okupatu zituzten, Parisko III. barrutian. Paperik gabekoen lau taldek bultzatutako okupazioaren helburua CGTk paperik gabekoen mugimendua «bahitu» izana salatzea da. Sindikatuak hori ukatu du.

Hain justu, CGT sindikatua bera eta Droits Devant (Eskubideak Aitzinetik) elkartea izan ziren apirilaren 15ean langileen greba koordinatua abiatu zutenak, Ile-de-France eskualdeko hogei bat enpresatan. Grebaren ondorioz, CGTk eta Droits Devantek sostengatutako hiru langilek egoitza baimena lortzea ahalbidetuko dieten agiri bana jaso dute.

Guztira CGTk eta Droits Devantek 900 bat araupetze eskaera bultzatu dituzte Ile-de-Franceko bost prefekturatan (Paris, Essonne, Hauts-de-Seine, Seine-Saint-Denis eta Val-de-Marne), enpresaburu batzuen laguntzarekin.

Salaketak salaketa, CGT ari da greba hau koordinatzen, ezkerreko talde solidario batzuen eta lan ikertzaile batzuen laguntzarekin. Paperik gabeko 300.000 lagunen baino gehiagoren egoera salatzen dute: lagun horiek lanean ari dira, eta kasu askotan zergak ordaintzen eta gizarte segurantzan kotizatzen dute, baina egunero arriskua dute atxilotuak eta deportatuak izateko.

Azken bost urteetan eskuineko gobernuak paperik gabeko 110.000 lagun kanporatu ditu.

PROTESTAK AURRERA SEGITZEN DU. Protesten harira, Parisko eskualdean hainbat langilek asko paperik gabe eta beste asko CGTko kideak gau eta egun okupatuta dauzkate hamaika jatetxe, merkataritza gune eta bestelako enpresa. Hasierako 600 grebalariei beste 400 bat gehitu zaizkie.

Frantziako Gobernua presiopean da. Lehentasunen artean etorkinen kanporatzea dauka, eta badu, ukan, Immigrazio Ministerioa eta guzti. Grebalarien presioaz gain, ostalaritzako nagusien presioa ere jasaten ari da orain; denek araupetze orokorra exijitzen dute, Espainiako Estatuan egin bezala. Ostalaritza sektorean 800.000 lagunetik gora egiten dute lan, horietako %10 etorkinak.

Paperik gabeko langileen eskulana soldata oso apal eta lan baldintza txarrekin eskatzen duten beste sektore batzuk dira: merkataritza, segurtasun pribatua eta garbiketa sektoreak. Horietako edozeinetan ohiko jokabidea da enpresaburuek paperik gabekoak kontratatzea, errazagoa delako haiek ustiatzea eta gutxieneko soldata baino gutxiago ordaintzea.

Gobernuak bultzatutako lege murriztaileetan dagoeneko aurreikusten zen sektoreka lan baimenak ematea, baina Europako ekialdetik datozen langileak lehenetsita. Hautaketa horri baztertzailea eta arrazista irizten diote ezkerreko sindikatu eta taldeek; haien esanetan, duela urte batzuk Frantzian bizi diren paperik gabeko langile afrikarrak baztertzea du helburu legeria horrek.

Protesta egiten dutenen eta CGTren presioaren aitzinean, lehen 1.000 grebalariren arautze prozesua hastera behartuta ikusi du bere burua Gobernuak.

Araupetzea azaltzeko, Immigrazio ministroak 2007an bozkatutako lege batean babes hartu du. Lege horrek aurreikusten du ezohiko posibilitatea dagoela langileen beharra duten sektoreetan haiek araupetzeko. Horri eransten zaio aurten onartutako dekretua, eskulanaren beharrean zeuden 30 bat lanbide Europatik kanpoko beharginei ireki zaizkiena. Hein batean, horrekin onartu egiten dute Frantziako ekonomiaren sektore osoak, normalean, egunero, paperik gabeko langileekin funtzionatu egiten dutela.

Maiatzaren Lehenaren atarian Brice Hortefeux ministroak CGTko eta Droits Devanteko ordezkaritza bat hartu zuen, eta konpromisoa hartu zuen araupetzea «kasuz kasu» aztertzeko, araupetze orokorra baztertuta.

Ministerioak CGTko ordezkariei esandakoaren arabera, grebaren eraginpean dauden Parisko eskualdeko bost prefekturek langileen espedienteak aztertuko dituzte. Sindikatuak, bere aldetik, ohartarazi du okupazioek eta greba piketeek segituko dutela, harik eta langileak arautu arte.

Joan den apirilaren 30ean lehen emaitzak izan zituen borrokak. Neuilly hautazko udalerriko (Parisko kanpoaldean) Cafe de l’Ille de la Jatte jatetxeko hiru langilek desiratzen zuten agiri ofiziala jaso zuten, egoitza txartela jasotzea ahalbidetuko dien agiria. Urte anitzetan Neuillyko alkatea izan zen, hain justu, Frantziako egungo presidente kontserbadore Nicolas Sarkozy.

Maiatzaren Lehenean Parisen eginiko manifestazioan protagonista nagusiak izan ziren protestan ari diren paperik gabeko 1.000 langileak, CGTeko eta Droits Devanteko kideen babesarekin. Txalo eta animo ugari jaso zituzten.

JAZARPENA EZ DA BUKATU. Halere, paperik gabekoen kontrako ehiza ez da amaitu. Hortefeuxek eskuineko hautesleak oraindik asebetetzeko xedea du. 2007an Sarkozyk agindutako 25.000 langileren kanporatzea gauzatzearen erantzulea da Hortefeux.

Herenegun Poliziak errefuxiatu kurdu bat atxilotu zuen Bretainian, Sant Nazer hirian, eta Naonedeko atxilotze gunera eraman zuten. Turkiara kanporatu nahi dute, nahiz eta jakin han bere bizia arriskuan dagoela.

Gobernuak ezarritako kuoten politika dela eta, kezka eta beldur giroan bizi dira paperik gabekoak, eta horrek hainbat heriotza eragin ditu azken hilabeteetan; horietako batzuk poliziarengandik ihes egiten saiatu zirenean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)