Ez gara arrazista izanarazten gaituzte
Berria, 02-05-2008LeIHaTILa
Cristina berlanga
Askoren ustea da hori, eta lehengo batean halaxe laburbildu zuen emakume batek, mahai – inguru batean, euskaldunok arrazistak al garen galdetu ziotelarik.
SOS Arrazakeria erakundeak joan den astean aurkeztu zuen urteroko txostenak eztabaida jakingarria piztu du, berriro ere, gure gizartea arrazista ote denaren inguruan. Txostenean jasotzen denez, «Espainiako gizartean ez dirudi gutxitu egin direnik gizarte arrazakeria kasuak, ez eta pertsona immigranteen taldeekiko bizikidetzaren inguruko bazterkeria kasuak.
Askok adierazi dute, berehala, Euskal Herria bestelakoa dela, eta hemen ezohikoak direla jokabide arrazistak. Jarrera arrazistak eta xenofoboak mailakatzerik balego, egiaz salbuespenak izango lirateke hemen hipotesirik muturrekoenak, hala nola eraso fisikoak, Espainian gero eta sarriagoak baitira. Alabaina, ohikoak izango lirateke immigrante taldeenganako jarrera diskriminatzaile egunerokoak; arrazistatzat bakarrik jo daitezkeen jarrerak izango dira, baina gure arteko bizikidetza izugarri zailtzen dietenak.
Horren adibide garbia dira, esate baterako, pertsona atzerritar askok izaten dituzten eragozpenak etxebizitza bat alokatzeko garaian. Edota gure hiri eta herrietan aisiarako lokalak eskuratzeko orduan izaten dituztenak. Horrez gainera, badira beste hainbat gizarte legenda, egia gezurtaezintzat hartzen direnak jada egun, eta, horien arabera, ba omen dira zenbait gizarte laguntza, immigranteen pribilegio huts direnak, immigranteak izateagatik bakarrik. Halakorik diotenek, pertsona gehiegik dagoeneko, lehenik eta behin ez dute arrazistatzat jotzen beren burua, eta guztiek ezagutzen dute betiere ahaide, auzo edo lagunen bat, laguntzarik gabe geratu dena, halakoak immigranteei eman izan dizkietelako.
Erakundeek eta politikariek ez dute batere laguntzen kontu hori argitzen; aitzitik, kontua are gehiago nahasi ohi dute, beren interes propioek bultzaturik. Eta, laguntza horiek arautzen dituzten legeetan oinarriturik, norbaitek ukatu egiten badu immigranteentzako pribilegio berariazkorik dagoenik, demagogotzat edo sentimentaltzat hartu ohi dute. Eta, hori, legeak berak eskuetan hartu eta frogatu daitekeelarik lege guztiek dutela osagai diskriminatzaileren bat pertsona atzerritarrekiko; haietariko asko gizarte eskubiderik gabe uzteraino, eskubide politikorik gabe ez esateagatik.
Erakundeek desberdintasuna eta bazterkeria sortzen dute, eta pertsona eta kultura orok tokia izango duten gizarte bat osatzeko ahaleginean aurrerantz egin beharrean, guztiz bestelako gizarte bat eratzen dute, herritar askorekiko jarrera arrazistak sustatzeraino. Herrialde honetako pertsona askori geurea dugun hizkuntza ikasteko ahalbidea ukatzeari, horrek etorkizunean ekar ditzakeen ondorio eta guzti, nola edo hala deitu dakioke; baina diskriminatzailea da, argi eta garbi, A ereduan matrikulaturiko pertsona atzerritarren seme – alaba asko eta askori hainbat aukera ukatzea etorkizunean. San Frantzisko auzoan pertsona atzerritarren aurka egindako sarekada etengabeak eta talde horren aurkako kriminalizazio etengabeak – hori, bai, Atzerritarren Legean oinarriturik betiere – lagundu egiten du, eta asko gainera, gizarte kontzientzia arrazista bat sortzen. Gai horri dagokionez, agian, ez gara zoritxarrez beste zenbait herri ez bezalakoak, makina bat saiatu izan bada ere aldarte onaren itxuraz eta ongi konpontzen direlako kontuaz mozorrotzen hori guztiori.
(Puede haber caducado)