Iaz bideratutako herritartasun eskaerak %44 igo ziren Nafarroan
Berria, , 29-04-2008ERREDAKZIOA
Iruñea
5.371 herritartasun espediente bideratu ziren iaz Nafarroako Erregistro Zibileko Bulegoetan: Iruñean, Agoitzen, Lizarra, Tafallan eta Tuteran. Hala, iaz %44,19 gehitu ziren bideratutako erregistro espedienteak. 2006an 3.725 espediente bideratu zituzten; 2005ean, 2.989.
Bi urte bete ziren iaz Espainiako Gobernuak etorkinen egoera arautzeko prozesua abian jarri zuela, eta epe hori behar zuten gutxienez Hego Amerikatik iritsitako etorkinek herritartasuna eskatzeko. Horixe da bideratutako herritartasun espedienteetan izandako igoeraren arrazoia. Behin espedienteak bideratuta, Madrilera igortzen dira, eta Espainiako Justizia Ministerioak erabakitzen du ontzat hartzen dituzten ed ez. Onartuz gero, haien seme-alabek aukera izango dute, besteak beste, herritartasuna eskuratu ahal izateko.
5.371 espedienteetatik 3.109 Iruñean, 910 Tuteran, 631 Tafallan, 608 Lizarran eta 113 Agoitzen bideratu dira. Igoerak areagotu egin du epaitegietako lana, eta horren aurrean erregistro zibilei dagokien legedia aldatzearen alde agertu da Iruñeko epaitegiko epaile Ana Ferrer, eta erregistro zibila egingo lukeen epaitegi bat sortu. «Igoera azken hamarkadan izan da, baina azken bi urteetan igarri dugu gehien».
JAIOTZAK ETA HERIOTZAK. Herritartasun eskaeren berri emateaz gain, Nafarroan iaz izandako jaiotza, heriotza eta ezkontza zibilen kopuruen berri ere eman dute. Jaiotza tasa %12,32 igo zen 2007an Nafarroan. 4.769 haur jaio ziren guztira. 3.762 pertsona hil ziren, berriz, iaz Nafarroan. Heriotza tasak, beraz, behera egin zuen: %5,15 hain zuzen.
Ezkontza zibilen kopuruaren jaitsiera ere antzekoa izan zen, %5,05ekoa, hain zuen. 1.012 ezkontza zibil izan ziren iaz Nafarroan.
(Puede haber caducado)