Italiako hiriburuko alkatetza eskuinaren esku geratu da hamabost urteren ostean

Askatasunaren Herriko hautagai Gianni Alemannok botoen %53,5 lortu ditu bozetako bigarren itzulian

Berria, arantxa elizegi, 29-04-2008

Hamabost urtez ezkerrak agindu du Italiako hiriburuan. Oraingoan, ordea, badirudi herritarrak aspertu egin direla; izan ere, duela gutxi Gobernua bera eskuinaren eskuetan erori zen, baina orain Erromaren txanda izan da. Gianni Alemannok irabazi zuen atzo udal bozen bigarren itzulia, botoen %53,5ekin. Alderdi Demokratako hautagai Francesco Rutelli bigarren geratu zen, botoen %46,4rekin.

Duela gutxi arte Walter Veltroni zen Erromako alkatea, baina hura Alderdi Demokrataren izenean aurkeztu zen lehen ministro izateko. Galdu egin zuen, ordea, eta Askatasunaren Herriko Silvio Berlusconik hartu zuen agintea. Belrusconirekin Nekazaritza ministro izan zen Alemannoren kontrolpean geratuko da orain Erroma. «Borroka luzea izan da, baina azkenean irabazi dugu».

Ibilbide politiko luzea du Alemannok. Duela berrogeita hamar urte Barin jaioa, nekazari ingeniaritza ikasi zuen, eta Italiako Gizarte Mugimenduaren Fronte Gaztean hasi zuen bidea. Eskuin muturreko alderdiko idazkari nagusi izatera ailegatu zen. Taldeak Aliantza Nazionala izena hartu zuenean, 1994an, Legebiltzarrerako diputatu aukeratu zuten. 2006an aurkeztu zen lehen aldiz Erromako alkatetzara, baina Veltronik irabazi zituen bozak.

IMMIGRAZIOA. Ekonomia eta Immigrazioa izan dira hauteskunde kanpainako bi puntu nagusiak. Alemanno transgenikoen aurkakoa izateaz gain, bertako produktuak bultzatzearen alde ere agertu da. Bestalde, delituren bat egiteaz akusatutako 20.000 etorkin atzerriratzea proposatu du.

Beste hainbat tokitan ere egin dituzte hauteskundeak. %61,49ko parte – hartzea izan duten udal bozetan 43 herritako agintariak aukeratu dituzte. Bost probintzietan egindako bozetan, aldiz, parte – hartzea txikiagoa izan da, %55ekoa. Nabarmentzekoa da Erroma probintzian, hiriburuan ez bezala, ezkerra izan dela garaile. Alderdi Demokratako hautagai Nicola Zingarellik botoen %51,7 lortu ditu; eta eskuineko hautagai Alfredo Antoniozzik %48,2.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)