Paperik gabeko etorkinen aldeko keinu gisara, isiluneak egiten hasiko dira Baionan
Hileko lehen ostiralean ordubeteko saioak eginen ditu Baionan Isiltasunaren Zirkuluak
Berria, , 29-04-2008Baiona
Agiririk gabe dauden etorkinei elkartasuna adierazteko, isiltasuna baliatzea deliberatu dute Baionan. Hileko lehen ostiralean Herriko Etxeko plazan bilduko dira, isilik. Lehen elkarretaratzea maiatzaren 2an izanen da, arratsaldeko seietatik zazpietara.
Alderdi, sindikatu eta eragile frankok bat egin dute proposamenarekin; bertzeak bertze, Giza Eskubideen Ligak, Cimadek, RESFek, Attac – ek, LABek, PCFk, PSFk, ABk, Batasunak, Berdeek, EAk, LCRk eta USS sindikatuak. Isiltasunaren Zirkulua deritzon mugimendua Tolosan (Okzitania, Frantzia) hasi zen, frantziskotar fraide batzuek ekimenez. Agiririk gabe dauden etorkinak atxilotu ondoren atxikitze zentroetara eramatea gaitzesteko da ekimena.
Mugimendua aski sendoa da Frantziako hainbat herritan; protesta isilak egiten dituzte Nizan, Nimesen, Parisen eta Bordelen, besteak beste. «Gero eta luzeagoa da etorkinek atxikitze zentroetan pasatzen duten denbora, eta orain 32 egunez atxiki ditzakete kanporatu aitzin», erran du Florence Hardouin Cimade taldeko kide eta abokatuak. Atxikitzeko epea bi egunekoa izatetik, bost, zazpi eta hamabira emendatu zuten, eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak 32 egunera emendatu du.
Europako Batzordea aztertzen ari da agiririk gabeko etorkinak atxikitzeko epea, estatu batetik bertzera alde handiak daudelako. Europako Batzordeak hemezortzi hilabeteko epea jar dezakeela azaldu du Hardouinek. «Ondoko egunetan irekiko dute Hendaiako atxikitze zentroa; lehen, hamasei pertsona atxikitzeko gaitasuna zuen, eta berriak 32 pertsona hartuko ditu aldi berean». Egoitza prest dutela azaldu du, eta Frantziako Aldizkari Ofizialean agertzen delarik irekitzeko eskubidea ukanen dutela. Lau milioi euroko aurrekontua xahutu dute zentroan.
HERRITAR EKIMENA. Deliturik egin ez badute ere etorkinak preso hartzen dituztela nabarmendu du Michelle Lequia Giza Eskubideen Ligako presidenteordeak. «Herritarren elkartasuna adierazi nahi diegu oinarrizko eskubideak kentzen dizkieten etorkinei». Agiririk gabeko etorkinak atxilotu eta kanporatu ahal izateko, Frantziak urtero mila milioi euro xahutzen dituela azaldu du Hardouinek. «Etorkinek agiririk ez izateak ez du zilegi bihurtzen preso sartzea, gaizkileak balira bezala».
Lanean diharduten etorkinen egoera kasuz kasu aztertuko duela iragarri du Frantziako Gobernuak. Hardouinek zuhurtziaz aritzeko aholkatu die etorkinei. Izan ere, eskolatutako haurren kasuan ere antzeko iragarpena egin zuten, eta Administrazioak egoera baliatu zuen etorkinei buruzko xehetasunak lortu eta kanporatzeko. Atxikitze zentroa irekitzearekin batera abiatuko dira epaiketak Baionan. Astelehen, asteazken eta ostiraletan izanen dira, eta saio bakoitzean bizpahiru kasu aztertuko dituztela jakinarazi du Hardouinek. Frantzian hiru minutu inguru irauten dute epaiketa horiek, baina Ipar Euskal Herrian defentsa bermatuko dutela esan du.
«Etorkinek agiririk ez izateak ez du bidezkoa egiten preso sartzea, gaizkileak balira bezala»
Laurence Hardouin
Abokatua eta Cimadeko kidea
«Elkartasuna adierazi nahi diegu oinarrizko eskubideak kentzen dizkieten etorkinei»
Michelle Lequia
Giza Eskubideen Liga
(Puede haber caducado)