Bira

Heroia

Berria, Amagoia Iban, 25-04-2008

Jeanne d’Arc, ingelesen aurka altxatu zen nerabe gerlaria, Frantziako heroi nazionala, asteartean atxilotu zuten. Beno, Jeanne d’Arc izeneko emakume bat atxilotu dute, baina ez ingelesen aurka altxatu izanagatik. Gauzak argitze aldera: Frantzian egoteko eskatzen dizkioten paperak ez dauzka, Lyongo atxilotze gunera eraman dute. Ez dute bizirik errearaziko, noski, emakumea Afrikara bidaltzearekin nahikoa izango omen da. XXI. mendeko Jeanne d’Arc, izan ere, Kamerunen jaioa da. Duela hiru hamarkada Frantzian bizi izan zen, bertan erditu alabaz, jaioterrira itzultzeko geroago. Handik atzera buelta Frantziara, 2002an, frantses nazionalitateko alabak amama egin zuelako. Warrem izena du biloba hark. Beste bat ere jaio da ordutik: Thalia. Frantziarena ez, ume bien zaintzailea da Jeanne d’Arc, ume bien aurrean atxilotu dute, etxean.

«Irmotasun, oreka eta justizia politikarekin segituko dugu», zioen atzo Frantziako Immigrazio ministroak. Egotzitako immigranteen kopuruaren arabera neurtzen du bere lanaren balioa -hori da immigrazio politika sarkozysmoaren arabera-, ondo dihoakio alde horretatik agintaldia, harro-harro esaten duenez. Heroitzat du bere burua, Jeanne d’Arc amonduen kontura.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)