Otoitz egiten dutenen mila bekatu
'A Thousand Years of Good Prayers' filma estreinatuko dute gaur, iaz Urrezko Maskorra irabazitako lana
Berria, , 18-04-2008Xabier Martin
Wayne Wangek (Hong Kong, 1949) elkar ulertzen ez duten belaunaldien inguruan sortu zuen iaz A Thousand Years of Good Prayers, eta, kritikaren iduriko, asmatu egin zuen. Donostiako Zinemaldian irabazitako Urrezko Maskorrak ematen du filmaren kalitatearen berri. Ikusleek ez zuten hain ongi hartu Smoke eta Blue in the Face filmen egilearen azkena, baina epaimahaiak Wayne saritu zuen.
Eta bitxikeriak bitxikeria, Paul Auster idazlea (iazko epaimahaiburua) eta Wang berriz adiskidetzeko balio izan zuen hautu hark Blue in the Face (1995) elkarlanean zuzendu zuten, eta haserre zeuden ordutik. Urrezko Maskorraren irabazle zela jakin berritan, Wang irribarreari ezin eutsita ibili zen Maria Cristina hoteleko korridoreetan. Xanpain kopa bat eskuetan jarri, eta «thank you» hitzetik hortzera ibili zuen zorionak eman zizkion jendeari erantzuteko.
Inkomunikazioa azaleratzen duen istorio soil samarra baliatzen du A Thousand Years of Good Prayers lanak ikuslearen emozioak eragin nahian. Fisikoki ez baina pentsamenduan elkarrengandik urrun dauden aita-alabaren bizipenak erritmo lasaian kontatzen ditu Wangek. Shi jauna (Henry O) AEBetara joan da Yilan alabari (Faye Yu) bisita egitera. Hura banandu egin da, eta tenore horretan laguntza eskaintzera joan zaio aita. Urte askoren ondoren berriro elkartzean, aita-alabaren desberdintasun kulturalak agerian geratuko dira. Belaunaldien arteko ulertezinaz gain, aita-alaba batzuen artean eredugarritzat jo ezin diren iraganeko auziak itzuliko dira, gainera.
EGILEA, PERTSONAIEN ATZEAN. Wayne Wangen filma gaur estreinatuko dute Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zinema aretoetan, Mil años de oración izenburuarekin. Ildo komertzialeko hainbat ekoizpen arinak enkarguz egin ondoren, Wang alor independentera itzuli zen A Thousand Years of Good Prayers-ekin. Zinemaldiko sail ofizialean ikusi ondoren halaxe azaldu zuen Gontzal Agote BERRIA-ko kritikariak: «Hollywoodeko enkargu zikinak ahaztuta, berriro ere munduari, zeluloidezkoari bederen, berezko begirada bota dio, jatorrizkoa. Horri esker, aspaldian industriak lurperatutako zinemagile txinatarra berreskuratu, eta istorio txiki, delikatu eta polit bat oparitu digu».
Agoteren ustez, egilea istorioaren bi pertsonaia antagonikoen atzean dago: «Ez da zaila Wang filmeko protagonistaren begi kuriosoen atzean imajinatzea, bere bizipenetan oinarritutako pertsonaia osatu izana. Hark harriduraz begiratuko dio berea ez den herrialdeari, kontraesanak ikusiko ditu nonahi, harrituko da paradisutzat aurkezten duten horren egunerokoa ezagututa. Alabaina, saiatuko da bestelako ikuspegia dutenengandik ikasten. Txina zer den ederki badaki, paradisua norberak bilatu behar du».
Alabaren atzean ere Wang egon daiteke, ordea: «Era berean, ez da zaila Wang alabaren lekuan imajinatzea. Sufrituta ere, sorterriak eman ez dizkion gauza asko aurkitu ditu bizileku berrian. Ez ziur asko amestutako bizimodu zorionekoa, bai, ordea, norbere bidea bilatzeko aukera. Tradizioaren, familiaren eta kulturaren zama itogarriaren aurrean aita komunista berpiztera etorriko dena, zailtasunez beteriko ibilbide gorabeheratsu eta gogorra aukeratu du. Hizkuntza berria, bizimodu berria».
Kritikaren iritzietatik at, Wayne Wang gustura geratu zen, oro har, Donostiako ikusleen erreakzioak ikusita. «Emanalditik irteterakoan, jendearen aurpegia begiratu nuenean jakin nuen bihotzean sentitu zutela mezua. Onena hori izan da», esan zuen. Eta gero filmeko mezuaz aritu zen. «Izenburuak azaltzen du mezua ondoen (Mila urte otoitz egiten): pertsonak berriro biltzeko denbora eta ahalegina behar direla».
A Thousand Years of Good Prayers dotoreziarekin filmatuta dago, bakuntasunez, eta horrexek ematen dio indarra. Haatik, izaera intimista izanagatik, alde txarrak ere aipatu ditu prentsa espezializatuak filmaren soiltasunari erreparatzean. Ikuslea erdibidean uzten duela diote askok; alegia, gauzak soilegi kontatu nahi izanak, filmak zerbait falta duen irudipena eragiten duela ikuslearengan. Iritziak iritzi, Urrezko Maskorra irabazitako filma ikusteko aukera zabalik dago gaurdanik.
xmartin@berria.info
Izenburua: ‘A Thousand Years of Good Prayers’ (2007). Zuzendaria: Wayne Wang. Aktoreak: Faye Yu, Henry O, Passa Lychnikoff, Vida Ghahremani. Iraupena: 87 minutu.
«Emanalditik irten, eta jendearen aurpegia ikusita jakin nuen bihotzean sentitu zutela filma»
«Pertsonak berriro elkartzeko denbora eta ahalegina behar direla da filmeko mezua»
Wayne Wang
zinemagilea
(Puede haber caducado)