'Funtsezko Beltza' deitzen zioten

Aime Cesaire martinikarra zendu da, «zapalduen arraza» aldarrikatu zuen poeta eta politikaria

Berria, , 18-04-2008

Xan Aire

Baiona

«Beltza naiz, beltza, antzina-antzinako zeruen garaitik». Aime Cesaire Funtsezko Beltza deitzen ziotenaren ideiak ez direla hil erraten hamaika izan zen atzo. Goizaldean zendu zen poeta, frantsesezko literaturako luma zorrotza, beltzen nortasuna eta kulturaren aldarrikatzailea, negritude kontzeptuaren aita, kolonialismoaren aurkako politikaria. Bihotzeko arazoak zituela eta, Fort-de-Franceko ospitalera (Martinika) eraman zuten joan den astean. Baina, 94 urte zituela, bizitzari lotzeko ez du indarrik aski izan.

Alta, kemenik ez zaio sekula falta izan. Lehenik, 19 urtean Martinika sorterria uzteko, ikasketak Parisen jarraitzeko. Louis-Le-Grand lizeoan sartu orduko, Afrikako eta Antilletako beste zenbait ikasle ezagutu zituen, Leopold Sendar Senghor eta Leon Gontran Damas, besteak beste. Elkarrekin, eskolan irakatsi ez zieten nortasuna Frantzia kolonialistak «arbaso galiarrekin» ezkutatu zuen afrikar nortasun hura deskubritu zuten. Eta, elkarrekin, L’Etudiant Noir (Ikasle beltza) aldizkaria sortu zuten. Orrialde horietan zen negritude hitza, eta kontzeptua, lehen aldikoz azaldu.

Berantago agertu zen Aime Cesaire izan zela negritude hitz eta ideiaren sortzailea: beltzaren, Afrikako nortasun eta kultura aldarrikatu, eta kolonialismoak dakarren asimilazio kulturala gaitzesi. Politikako gai minbera hori kultur mugimendua bihurtzen lortu zuen. Hala nola ez zion beltzei bakarrik lotu negritude kontzeptua, baizik eta «zapalduak ziren herriei». Cesairek erraten zuen bezala: «Zapalduen arrazakoa naiz». Hortik abiatu zen negritude kultur mugimendua, artelanetan eta literaturan.

Baina, hor ere, Cesairen liburu bat izan zen negritude mugimendua eraman zuena. 1939an, manifestu luze bat argitaratu zuen: Cahier d’un retour au pays natal, sorterriratze baten koadernoa. Cesairen obra nagusia, ospetsuena, poesia luze bat. Armiarma atariko (www. armiarma.com) Aldizkarien gordailua-n irakur daiteke zati baten euskarazko itzulpena, Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarriren eskutik egina. Atari horretan ere aurkitu daitezke xehetasunak: bbk.armiarma.com/eskola/cesaire.htm. 1939an sartu zen Martinikara Cesaire, irakasle izateko. Baina irakaskuntzan denbora gutxi iragan zuen, politikan eta literaturan agertu baitzen gehien. 1945ean Fort-de-France, Martinikako hiriburuko auzapez kargua, 56 urtez iraun behar zuena, hartu zuen. Urtebete berantago, Frantziako departamendu gisa ezagutua izan zen Martinika, Cesairek irudikatu zuen aldarrikapena irabaziz. Diputatua ere Cesaire hautatu zuten martinikarrek.

PANTEOIAN SARTZEKO ESKARIA. Politika karrera aberatsarekin ere, letrak lantzea ez zuen ahantzi Cesairek. Lehen obraren ildotik, beste poesia bildumak idatzi zituen, negritude-a urrunago eraman nahiz. Surrealismoari lotuak izan ziren bere poema gehienak, modu berrian kontatu nahi baitzuen bere nortasuna, bere herria. Politikan leporaino sartua baldin bazen ere, poeta moduan aipatua izan da Cesaire. «Haren amorru guzia kantu ederretan abesten baitzuen, zapalduen alde ezarri baititu hitzik ederrenak», dio Claude Rabbe idazleak. Cesaire errespetuz artatu izan du Frantziak, poetaren heriotzak ekarri dituen erreakzioek salatu duten bezala. Haren testuak lantzen dituzte eskoletan. Gorpua Parisko Panteoian, Frantziako historia egin duten jendeenarekin batera sartzeko eskaria abiatu dute.

Aime Cesaire, Martinika sorterritik urrun? Horrela hasten da Sorterriratze baten koadernoa, Otamendi eta Aranbarrik itzuli zuten bezala: «Abiatu. Ene bihotzak oparotasun harroz zegien murmurio. Abiatu… apal eta gazte helduko nintzateke neure herri horretara eta bere buztina nire haragiaren osagai duen herri horri esan: ‘Luzaroan ibili naiz noraezean eta zure zaurien laztura desertura nator berriro’».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)