Neg'zagonal

MaraTILa

Berria, itxaro borda, 16-04-2008

Aimé Césaire martinikar poetaren berri txarrak dakarzkigute dute hedabide ultramarinoek. Fort de France hiriko auzapeza eta berrogei bat urtez ezker aldeko deputatu izan zen Pariseko parlamentuan. Esklabutzaren hildo ohia maskaratu zukeen kolonialismoaz eta frantses zentralismoaz idatzi zuena deitoratuko dute anitzek, batez ere cahier d’un retour au pays natal bilduma oparoaren ontzailea zelako. Literatura karaibearen oinarrian dagoen testoa.

Larrogeiko hamarkadan, postan sartzen ginen gehienak, funtzionario konkurtsoa erdietsirik, langile pikarraien, laborari etxetiarren eta esklabu zaharren ondokoak gintezkeen: probintziakoak eta Marijosé Alie kazetariak amoltsuki neg’zagonal deituriko gosaioak, hexagonako negroak alegia. Asteburuetan zein greba egunetan elkartzen ginen txinatar edo antillestar jatetxeetan balizko retour au pays natal hortaz hitz egiteko. Kassav’ hautematen genuen Courneuveko fête de l’huma izugarrietan eta ti-punch-ez hordi, zouk musikaz mozkor genbiltzan. Jocelyne Berouard eta Ralph Thamar izar bilakatu zitzaizkigun.

Exilioa zen. Biderkatua. Koloreztatua. Mingotsa. Ordutik, harroki zuria eta ustez unibertsala den mundurik ez dezaket jasan. Karatsa iruditzen zait eta segur aski martinikarraren cahier harengatik da, Myriam Makebaren ahotsarengatik, Franz Fanonen eresiengatik, Tiken Jah Fakolyren mon pays va mal abestiarengatik edo noiztenka ideiak lagunaren azala bezain beltz edukitzeagatik.

Aimer Césaire, dit-elle.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)