Sare publikoaren pareko finantzaketa eskatu dute ikastolek
Jaurlaritzak badu proposamenaren berri, baina oraindik ez dira negoziatzen hasi
Berria, , 11-04-2008AINARA ARRATIBEL
Hezkuntza Sistemaren Legea «lehenbailehen» lantzen hasteko galdegin dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolen kidegoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.«Legegintzaldi honetan ezingo da legea onartu baina, behintzat, oinarriak jarrita uztea eskatzen diogu Jaurlaritzari. Hurrengo legegintzaldian garatu ahal izateko», adierazi zuen atzo, Jose Luis Sukiak, Partaideko zuzendariak. Lege horren barruan, finantzaketa arloan sare publikoarekin parekatzea eskatu dute ikastolek. Hau da, itunpeko ikastolen finantzaketa publikoa %100ekoa izatea. Haien ustez, ikastetxe publikoen zerbitzu berdina ari dira eskaintzen, eta horregatik parekatu behar dira. Parekatze hori mailaka egingo litzateke. Hezkuntza Sailak dagoneko badu proposamenaren berri, baina oraingoz ez dago negoziatzen hasteko datarik.
Finantzaketaren aldaketa horren barruan, hezkuntza sistema berriz definituko lukeen lege baten alde egin dute ikastolek. «Egungo sistemaren eredua gainditu egin behar da, ildo napoleonikoa, jakobinoa jarraitzen baitu. Ez du zerikusirik gure hezkuntza sistemaren benetako funtzionamenduarekin». Jabego anitzeko eredu baten alde agertu dira, eta hezkuntza zerbitzu publiko bakar gisa hartzea proposatzen dute: «Ikastetxeak eskaintzen duten zerbitzuen ezaugarriengatik nabarmendu behar dira, eta ez jabego ereduengatik». Haien ustez, indar guztiak jarri beharko lirateke «herri baliabideez hornitutako ikastetxeak» bultzatzeko. Ezinbesteko ikusten dute beren eredua aukeratzeko ikastetxe bakoitzaren autonomia errespetatzea: «Europako herrialde askotan egiten da hori».
Itunpeko sarearen gastuen %70 inguru finantzatzen du Jaurlaritzak. «Finantzaketa horrekin ez zaie ikastetxeek dituzten benetako gastuei aurre egiten, nahiz eta administrazioak ezarritako antolamenduaren barruan egon», nabarmendu du Sukiak. Haien arabera, itunpeko ikastetxe guztiak finantzatzea 120 milioi euroko gastua izanen litzateke Jaurlaritzarentzat, urtean.
KONPROMISOAK HARTZEKO PREST. Hezkuntza Sailak hainbat komunikabideetan ohartarazi du, finantzaketa beregain hartzeko, aldez aurretik zehaztu egin behar direla finantzaketa publikoa jasotzeko itunpeko ikastetxe batek bete beharko lituzkeen baldintzak. Aipatu baldintzak lege berrian zehaztuko lirateke. Legearen aurreproiektua, ordea, hasierako fasean dago oraindik. Alde horretatik, ikastolak prest agertu dira «hezkuntza arloko gizarte konpromisoak» partekatzeko. «Beti agertu izan gara horretarako prest».
Gizarte konpromiso horien artean egongo litzateke, adibidez, ikasle etorkinak banatzea; itunpeko ikastetxeek ikasle etorkin gehiago hartzea nahi du Hezkuntza Sailak. Egun itunpeko ikastetxeetan baino bi aldiz ikasle etorkin gehiago dago publikoetan. Arabako sare publikoko ikasleen %12 dira etorkinak, Bizkaian %9,4 eta Gipuzkoan %4,1. Kopuru hori txikiagoa da itunpeko sarean. Bizkaian eta Araban, adibidez, hiru aldiz txikiagoa. Gipuzkoan, bien arteko aldea ez da horren handia.
Ikasle etorkinen kopurua ez da %1era iristen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan. Partaide prest agertu zen duela gutxi beren ikastoletan matrikulatzen diren ikasleen %5 etorkina izateko. Partaideko ikastetxeetan matrikulatuta dauden ikasleen araberako kopurua litzateke hori. Euskadiko Ikasle Kontseiluak egindako azken txostenean jasotzen zenez, lau urtean itunpeko ikastetxeek ikasle etorkinen %40 egun %30ekoa da kopurua hartu beharko lituzkete beren zentroetan. Horretarako ekimenak abian jartzea eskatu zion Hezkuntza Sailari.
Konpromiso horien artean egongo lirateke, halaber, besteak beste, ezintasunen bat duten haurrak hartzea edo eta hizkuntzari lotutakoak.
(Puede haber caducado)