«Nahiz eta gero eta etorkin gehiago egon, ez da ghettorik sortzen ari»

Etorkin gehienek integratuta ikusten dute beren burua, baina kultura trukea mugatua da

Berria, amaia alvarez, 29-03-2008

Iruñea

Jorge Montero txiletarra da, Valparaisokoa, baina 1989tik Berriozarren bizi da, Nafarroan. Errefuxiatu gisara iritsi zen. Duela 19 urte immigratu izanagatik «zortea» duela dio. «Orain, hainbeste etorkinekin, jendeak ardura gutxiago du, ez du horrenbeste laguntzen; lehen errazagoa zen».

44 urteko zurgina da Montero eta Iruñerrira etorri aurretik, bazuen Euskal Herriaren berri. «Txilera euskaldun askok emigratu zuten, batez ere baztandarrak». Bere aitaren bigarren abizena, gainera, Oiartzun da. Badu, beraz, immigrazio horren arrastorik, sorburua ez ezagutu arren. Hala ere, hemengo politikaz «deus» eta kulturaz «gutxi» zekien, eta gehien ezagutzen zuena Sanferminak ziren. Integrazio arazorik ez du inoiz izan, arrazakeriarik, oro har, ez du sumatu. Hori bai, taberna batzuetan etorkinak batzertzen dituztela salatzen du. «Duela bi urte ez zidaten Iruñeko diskoteka batean sartzen utzi, beteta zegoela esan zidaten. Jarraian Iruñeko neska talde bat sartu zen. Ez naiz itzuli». Egoera horrek latinoamerikarren tabernen boomean eragin du, bere ustez. Iruñean gero eta gehiago dira etorkinak bilgune hartzen dituzten tabernak,baina Monterok ez du uste leku hertsiak direnik: «Nahiz eta gero eta etorkin gehiago ego, ez da ghettorik sortzen ari».

Alabak, semeak eta bilobak A ereduan ikasi dute (euskara ikasgai soil). «Garrantzitsua da bertako kultura ezagutzea». Sorterriko kultura ezagutarazteari ere garrantzia ematen dio: Txileko folklorea hedatzeko Pablo Neruda elkarteko sortzaileetako bat da.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)