Larrepetit

Gizon zuriak

Berria, Leire Bilbao, 26-03-2008

Zuritu dira bazterrak. Inork ez omen zuen espero eta, hala ere, inor gutxi harritu da.

Orain dela ez hainbeste amaitu dira Espainiako hauteskundeak, eta esku zuriekin botoak zenbatu ostean, datuak zurituta jaso ditugu. Zenbaki gorriekin behar zuen krisi ekonomikoa ere arrosa koloreko margotuta eskaini digute goi agintariek; lau hitz zuri besterik ez du behar izan alarma egoera gorriak… Estaltzea da hemen kontua, egin dezala elurra mara-mara. Estal dezala dena, malo-malo.

Zuritu dira bazterrak, eta inork ez zituen espero zuri. Hurrekoari begia kendu eta urrutikoan jar dezagun, itsasoz bestalde. AEBetako hauteskundeetan murgildu gaitezen berriz. Itsasoa baino amaigabeago dirudien kanpaina horretan. Egin apustu! Beltza edo emakumea. Beltzak beltzen boto gehientsuenak irabaziko ote ditu? Emakumeak emakumeenak? Non galduko dira gizon zuri boteretsu, esan nahi da, demokratenak? Errepublikano bihurtuko al dira halabeharrez?

Ebakera ingeleseko traje elegantea soinean, Cambridgeko unibertsitate titulua besapean, hitz zuriak erabiltzen ditu Obamak. Nork ez du maite zurikeria? Belaunak pasatxoko gona eta senarraren begirada adeitsua atzealdean, gizonen sendotasuna erakutsi behar izan du Hillary Clintonek. Malkoak antzeztuta bota ote zituen? Nor da beltza, Kenyan bizi duen amona daukana? Nor da emakumea, gizonen patroiak jarraitzen dituena?

Ez galdetu beltzak edo emakumeak, zeinek irabazi behar duen. Ezta ere errepublikaboa ez izateak demokrata izatea esan nahi duen. Egin dezala elurra, mara-mara. Estal dezala dena, malo-malo.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)