Magrebeko musika azaltzen duen gida bat argitaratu dute
Berria, , 26-03-2008Erredakzioa
Donostia
Afrikako iparraldeko herrialdeetan sortzen den musika gerturatzea. Horixe du helburua Guía de las músicas del Magreb liburuak (Magrebeko musiken gida). Arabiar Etxeak eta Fabricantes de ideas elkarteek eman dute argitara liburua, Donostian. Magrebeko musikari askoren lana biltzen du obrak, «europar gehienentzat erabat ezezagunak direnen lanak».
Marokoko, Aljeriako, Libiako, Mauritaniako, Tunisiako eta Saharako hainbat musikari, jaialdi eta argitalpenen informazioa eskaintzen du gidak, 170 fitxa denetara. Tradizioa eta joera berriak batera bizi dira musikaren alorrean herrialde horietan. Tradizioa gero eta gehiago ari da berritzen, eta aldaketa horien guztien berri ematen du liburuak.
INDUSTRIATIK KANPO. Artista magrebtar ezagun gehienak Europan bizi dira; horiek alde batera utzita, gainontzekoen artean gehien-gehienek musika alorreko industriatik urrun dihardute. Euren sormenak hedatzeko arazo handiak dituzte, eta egungo egoeran Internet bilakatu da haien bozgorailu ia bakarra.
Musikan aritzeko modu ez ofizial hori da liburuko 275 orrialdeek islatzen dutena. Gidaren hasieran Magrebi buruzko erreseina historikoa azaltzen da. Han esaten denez, Libia da musikan aritzeko tokirik zailena Magrebeko herrialdeen artean, «oso itxia delako». Tunisian ere ez da erraza, «zentsura asko baitago».
(Puede haber caducado)