Zenbakien eskaera
Igoera nabarmenik ez da izan Osasunbideko aurrekontuetan, urteotan populazioa asko hazi arren
Berria, , 26-03-2008Iruñea
Osasunbideko langileek aurrera ateratzen dute egin beharreko lan guztia, «nahiz eta lanak gainezka egin». Horixe uste du Marisa Garcia Nafarroako Ospitaleko medikuak. «Lanaren batailan, pertsonak ikusten ditugu guk. Eta pertsonekin hitz egin behar duzunean, gaixoen senideekin hitz egin behar duzunean, lotsa sentitzen duzu maiz, anitzetan ez baitakizu zer esplikazio eman. Bulegoan dagoenak, ordea, ez du lotsarik izaten. Ez baititu pertsonak ikusten. Zenbakiak bertzerik ez du ikusten».
Zenbakiak bakarrik begiratuta ere Osasunbidea «gaixo» dagoela ondorioztatu behar da, ELA sindikatuaren ustez. Duela hilabete, Osasunbideari buruzko txostena aurkeztu zuen sindikatuak, Osasunbidearen memorietatik hartutako datuekin. «Osasun arloan sartutako diruak behar bezainbertze ez direnez, eta lan karga izugarri handitu denez, zerbitzuaren kalitatea jaitsi egin da eta lan baldintzak okertu egin dira». Horixe da txostenaren ondorio nagusia.
ELAren arabera, Nafarroan Europan baino 364,3 euro gutxiago gastatzen da osasun publikoan biztanle bakoitzeko. Europako batez bertzekora ailegatzeko, Nafarroak 213 milioi euro gehiago ezarri beharko lituzke. Baina ez dirudi hori denik Nafarroako Gobernuaren bidea. Izan ere, azken urteetan, diru kopuru erlatibo bera eskaini dio osasun publikoari: barne produktu gordinaren %4,7.
PSN alderdia behin eta berriz ari da salatzen Osasunbidearen egoera, eta diru gehiagoren premia dagoela dio. Baina 2008ko aurrekontuetan – PSNk babestu dituen aurrekontuetan – , 865,2 milioi euro gorde dituzte osasun publikorako, hau da, Barne Produktu Gordinaren %4,7 berriz ere. «Nahiz eta PSNk sinetsarazi nahi azken aurrekontuak gizarte aurrerapen handia izan direla, datuek agerian uzten dute aurrekontuak antisozialak eta jarraizaleak direla», salatu du ELAk.
BIZTANLE GEHIAGO, OHE GUTXIAGO. Nafarroako ospitale publikoetako ohe kopurua ere «lotsagarria» da, ELAren aburuz. 2000. urtean, mila biztanleko 2,6 ohe zeuden Nafarroan. 2006an 2,2 ohera jaitsi zen kopuru hori. Bada, Europako batez bertzekoa 5,9 ohekoa da. Beraz, Osasunbideko ohe kopurua gutxitzen ari dira, nahiz eta Nafarroako populazioa izugarri handitu den.
Gauza jakina baita azken urteetan immigrazio handia izan duela Nafarroak. Etorkinak populazio osoaren %10 baino gehiago dira dagoeneko. 1999tik 2006ra, 62.000 pertsona gehiago erroldatu ziren Nafarroan, eta horietako asko etorkinak dira. Datu horren oso antzekoa da 1999tik 2007ra Gizarte Segurantzan afiliatutakoen handitzea, 65.000 ingurukoa baita.
Beraz, geroz eta pertsona gehiago bizi dira Nafarroan, eta geroz eta pertsona gehiago ari dira dirua sartzen osasun sistema publikoaren aseguruan. Baina igoera horiek ez dute islarik Gobernuak ezartzen dituen diruetan, eta horrek, noski, ondorioak ditu eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean.
Hala, urtetik urtera ari dira handitzen ospitaleratze, larrialdi, kontsulta eta kirurgia zerbitzuen zenbakiak. Hori dela eta, ospitale publikoetako okupazio indizea gutxika – gutxika handitzen ari da, eta orain %80ko batez bertzekoa du. Baina, ohe gehiago ez dagoenez, gaixoak gero eta gutxiago egoten dira ospitalean, gaixoen arteko txandakatze indizea geroz eta handiagoa da, geroz eta egun gehiago dituzte itxarote zerrendak, eta geroz eta jende gehiago dago kirurgia zerbitzuen zain edo espezialistaren lehen kontsultaren zain.
Osasunbideko langileen lan zama handitzen ari da, beraz. ELAren ustez, «oraingo langile kopurua ez da nahikoa agintzen zaion lan zama bere gain hartzeko»; eta, gainera, gero eta zaharragoa da lan talde hori (langileen %46k 50 urte baino gehiago dituzte). Eta sindikatuek hainbatetan salatu dutenez, prekarietate handia dago. Izan ere, Osasunbideko behin – behinekotasun tasa %43koa zen 2006an.
Nafarroako lan merkatua osoan, oro har, tasa hori %27,5ekoa da. «Behin – behinekotasun tasarik handiena duen enpresa Administrazioa izatea ere…», erran du Marisa Garcia medikuak. «Egun bateko kontratuak egiten dituzte, bortz egunekoak, astebetekoak… Izugarria da».
(Puede haber caducado)