Bi enpresaburu inputatu dituzte, Urnietan etorkinak esplotatzea egotzita

Berria, ERREDAKZIOA, 15-03-2008

Donostia

Urnietako (Gipuzkoa) bi enpresaburu inputatu ditu Ertzaintzak langileen eskubideen aurkako delitua egin eta hamalau langile mongoliar esplotatzea leporatuta. Langileek ez zuten kontraturik eta goizean oso goiz hasten ziren lanean eta gauean oso berandu ateratzen ziren. Paperik ez zuten etorkinak Espainiako Poliziaren esku geratu dira.

Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez, martxoaren 2an hasi zituzten ikerketak, patruila batek ekialdeko bederatzi pertsona lantegira sartzen ikusi zituenean. Egunero joaten zirela egiaztatu zuten, eta lan ikuskaritza sailari egoeraren berri eman zioten. Hark, enpresak ez zuela ekialdeko inor kontratatuta baieztatu zuen.

Azkenean, joan den asteartean joan ziren ertzainak Urratzu poligonoan dagoen enpresara, Lan departamentuko ikuskatzailearekin eta ikuskatzaileordearekin batera. Hamalau lagun topatu zituzten erreminta, lehengai eta beste hainbat tresnarekin lanean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)