Pagotxa

Berria, Uxue Apaolaza, 12-03-2008

Etorkinek aberastu egiten gaituzte, bidaiatu gabe herrialde urrunak ezagutu ditzakegunez; kulturak, dantzak, janzkerak. Inoiz baino toleranteago eta ezkertiarrago eta multikulturalago sentiarazten gaituzte. Pentsa zenbat diru aurrez dezakegun. Beti dago Rafael Reig bezalakoren bat, zeinak dioen ezetz, etorkinak ez datozela gure gizartea multikulturalizatzera; morroiak dio migratzea esperientzia traumatikoa dela berez, beharrak bultzatuta egina, guk behartuta, beraiek nahiago dutela beren etxean geratu.

Tira, baina gainera, gure hizkuntza eta ohiturak erakutsiko dizkiegunez, beren onerako beti, integra daitezen, gure kultura ere hedatuko dute (eta bide batez gure zintzotasuna).

Gehien maite duguna zaintzen digute, gure agure eta haurrak, gu gure proiektu pertsonalak aurrera atera nahian gabiltzan bitartean. Erretiro pentsioak beren diru sarrerei esker ordaintzen ditugu, eta falta zaigun lan indarra beraiei eros diezaiekegu (edo pixka bat lapurtu).

Etorkinak aizue, pagotxa dira; ohartzen ez dena PPkoa delako da, edo Rafael Reig bezala, sentiberegia; nork nahi du Afrika, Asia edo Hegoamerika gure neurrian gara daitezen. Ez, hobe pobrezian mantentzen baditugu, gehiegi garatu gabe; gainerakoan bi gaitz sendatu beharko ditugu: klima aldaketa eta etorkin falta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)