Durangoko bikote bat atxilotu du Poliziak langileak esplotatzea egotzita

Berria, erredakzioa, 06-03-2008

Bilbo

Espainiako Poliziak Durangoko (Bizkaia) taberna bateko jabeak atxilotu ditu langileen eskubideen aurkako eta atzerritarren eskubideen aurkako delitua egitea egotzita. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak jakinarazi duenez, egunean 11 orduz lan egitera behartzen zituzten lau langile, astelehenetik larunbatera, eta hilean 600 euro ordaintzen zizkieten. Atxilotutako enpresaburua J.A.A.A eta M.A.A.L durangarrak dira. Langileen eta hiritar atzerritarren eskubideak urratu izana egotzi diete.

Lau emakume beharginak boliviarrak ziren jaiotzez, eta haietako bakarrak zituen legez eskatzen diren agiriak. Hori dela eta, beste hiru langileak ere atxilotu egin ditu Poliziak: N.G.Y 32 urtekoa, W.S.C. 23 urtekoa eta J.O.O.C. 22 urtekoa.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak jakinarazi duenez, «agiririk ez duten langile atzerritarren erabilera ohikoa da zenbait enpresabururen artean». Izan ere, kanporatzeko beldurra izaten dutenez, ez dira egoera salatzera ausartzen. «Euren egoera legeztatuko dutela sinistarazten diete ondoren esplotazio nabarmenaz baliatzeko». Gobernu ordezkaritzak adierazi du beharginok egiten dituzten lanaldiak «amaigabeak» direla, eta ez dutela ez doako osasun zerbitzua izateko eskubiderik , ezta beste eskubiderik ere. Jasotako soldatak jatetxean zeuden beste langileenak baino «nabarmen apalagoa» ziren.

Otsailaren 26an jatetxeko langileen egoerari buruzko kontrol bat ostean etorri zen polizia operazioa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)