«Semea D ereduan eskolatu izana aurpegiratu izan didate»

«Gutxienez bi hizkuntzen ezagutza» ziurtatzen duen eredu bakarra D eredua dela gogorarazi dute

Berria, asier azpilikueta, 06-03-2008

Iruñea

Carol Cantomora (Quirihue, Txile, 1975) duela bortz urte etorri zen Nafarroara. Etorri eta berehala, 4 urteko semea D ereduan eskolatu zuen, Barañaingo Alaitz ikastetxean.

Nola izan zenuen D ereduaren berri?

Jada hemen zeuden lagun txiletar batzuek hitz egin ziguten D ereduaz, gu oraindik Txilen geundela. Egiazki, gauza askotaz hitz egin ziguten, askotariko informazioa eman ziguten. Eta, hezkuntzari dagokionez, D eredua aukerarik onena dela ikusarazi ziguten; beraiek ere euskarazko ereduan eskolatuak baitituzte haurrak. Beraz, gu honera etorri eta astebetera eskolatu genuen semea, D ereduan.

Euskara batere ezagutzen ez zenuten hizkuntza dela kontuan hartuta, zer moduzko esperientzia izan duzue?

Ona, haurrak berehala integratzen baitira. Semea beti egon da ongi, batere arazorik gabe. Hasieran, noski, zailtasunak genituen etxeko lanekin. Zorionez, gauza errazak ziren, haur txikiak direlako hauek, eta oinarrizko gauzak irakasten dizkiete. Eta oso – oso prozesu polita izan da. Izan ere, nik euskaraz ez nekienez, semearekin komunikatzeko bertze modu bat bilatu behar izan genuen. Hala, semeak gaztelaniaz esplikatu behar zidan euskaraz eskatzen ziotena, eta horrela laguntzen ahal nion. Eta modu horretan, oso harreman zuzena nuen bere hezkuntzarekin, eta, gainera, euskaran murgildu nintzen. Eta orain euskaltegi batean nago, euskara ikasten. Duela gutxi ari naiz horretan; lehenago ezin izan dut, lana dela eta. Nire ustez, inoiz hartu izan dudan erabakirik onena izan da semea D ereduan matrikulatzea.

Etorkin gutxik eskolatzen dituzte haurrak D ereduan. Zure ustez, zein da horren arrazoia?

Normalean informazio faltagatik izaten da. Ez dute batere informaziorik ematen, eta horrek behartzen zaitu oztopo asko gainditzera. Gaztelaniazko ikastetxeei buruzko informazioa bakarrik ematen diete etorkinei. Eta kontua da zuk haurra bertze eredu batean sartzen baduzu, ez dela gizartean modu berean sartzen. Ez baitituzte gauza berdinak ikasten eredu batean edo bertzean.

Informazio falta bakarrik ez da izanen, dena dela.

Tira, jendea honera dator, eta lan premia du, eta gizartean sartzeko arazo handiak ditu. Zaila da. Niri, hasieran, kostatu zitzaidan. Baina erronka bat da. Bertze bat. Eta kostatzen zaizu gainditzen, baina, era berean, laguntzen dizu zure semearekin integratzen. Lan arazoak, etxebizitza arazoak… Hegoamerikarrendako, errazena da haurrak gaztelaniazko ereduan sartzea.

Bertzetik, hedabideetan euskarari buruz ematen duten informazio okerra dago. Topiko asko dago euskarazko hezkuntzaren inguruan, eta horiek beldurra sortzen dute. Niri aurpegiratu izan didate haurra D eredura eraman izana. «Zergatik eramaten duzu horretara?», galdetu izan didate.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)