Etorkinei komenientziazko ezkontzak antolatzea egotzita 38 lagun atxilotu dituzte
Operazioan 117 pertsona inputatu dituzte Nafarroan; sare «mafiosoko» kide izatea egozten diete
Berria, , 05-03-2008asier azpilikueta
Iruñea
Nigeriako pertsonak Nafarroan modu «ez legezkoan» sartzen zituen sare batek; sare horretakoek agiri faltsuak ematen zizkieten etorkinei, eta hangoekin ezkontzen zituzten, urte baten buruan Espainiako herritartasuna lor zezaten; eta horren truke, milaka euro kobratzen zizkieten etorkinei. Horixe zen, funtsean, Espainiako Poliziaren arabera, Nafarroan desegin berri duten sareak egiten zuena.Polizia operazioa dela eta, 117 pertsona inputatu dituzte, eta horietako 38 atxilotu, atzo prentsaurreko batean jakinarazi zutenez.
«Immigrazio irregular antolatu eta sistematikoaren kontrako operazio ikusgarria izan da», adierazi zuen Vicente Ripa Espainiako Gobernu ordezkariak. Desegindako sarea «mafiosoa» zela azpimarratu nahi izan zuen, eta horretarako hainbat argudio eman zituen. «Ekartzen zituzten nigeriarrei mehatxu egiten zieten», azaldu zuen. «Hartutako zorra kitatu ezean, haiei edo haien familiei min eginen zietela erraten zieten. Hona etortzeagatik 8.000 eta 15.000 euro artean ordaindu behar zituzten etorkinek».Ripak esplikatu zuenez, nigeriarren «iruzurrezko ezkontide» izanen zirenak «delinkuentzia mundutik» hartzen zituzten.
«Ezkontzei dagokienez, arau zorrotzak ezartzen zituzten sarekoek», azaldu zuen Ripak. «Zin egin behar zuten benetako elkarbizitzarik ez zela egonen eta ez zutela familia osatzeko asmorik izanen. Eta, urte baten buruan, ezkontza deseginen zutela hitz ematen zuten». Ezkontzak egin ahal izateko, sarekoek askotariko agiri faltsuak egiten zizkieten, antza, etorkinei: pasaporteak, jaiotza agiriak, aurrekari penalei buruzkoak…
«KOMENIENTZIAZKO EZKONTZAK». Espainiako Poliziaren Atzerritarren Brigadako arduradun Jose Angel Aranaren esplikazioen arabera, ikerketei esker, «komenientziazko 60 ezkontza» atzeman dituzte, Iruñerriko bake epaitegietan edo parrokietan eginak zirenak edo egitekoak zirenak. «Dirudienez, sarea 2007ko hasieratik ari zen honetan», azaldu du Aranak. «Eta ezkontideei argibideak ematen zizkieten, funtzionarioekin izanen zituzten elkarrizketak gainditzeko. Nahiz eta ezkontideek ez zuten elkarbizitzarik egin, eta nahiz eta batzuetan ez zuten hizkuntza berbera hitz egiten ». Ezkontza horiek baliogabetzea eskatuko du Fiskaltzak.
Espainiako Poliziaren Nafarroako buru Jose Luis Gagok azaldu duenez, sarekoek Espainiako herritartasuna zuten ezkontideak aurkitzen zituzten, lehendabizi. «Gero, nigeriarrak bilatzen zituzten, Nigerian, edo Europako Batasuneko edozein tokitan, eta ezkontzak antolatzea proposatzen zieten».
Nigeriarrari agiri faltsuak ematen zizkioten, eta Nafarroako tokiren batean erroldatzen zuten. Ezkontzarako, lekukoak kontratatzen zituzten. Eta Espainiako herritartasuna zuten ezkontideei 6.000 eta 9.000 euro artean ordaintzen zizkieten.
«Ezkontza eginda, eta Familia Liburua lortuta, lehenik, hemen egoteko baimena eskatzen zuten nigeriarrarendako, eta gero Espainiako herritartasuna». Gagoren iritziz «onura ezkontza» horiek iruzur egiten diote legeari, eta horien helburua da ezkontzaren ondorio legezkoetatik onura ateratzea. «Nahikoa baita ezkontzaren ostean Espainian urte bakarra ematea Espainiako herritartasuna lortzeko».
OTSAILAREN 25ETIK. Inputatu dituzten 117 pertsonen artean atxiloketak egiteari otsailaren 25ean ekin zioten. Horiek guztiak Nafarroan atxilotu dituzte. SOS Arrazakeriak BERRIAri adierazi dionez, haien datuen arabera, atxilotu guztiak askatu dituzte, dagoeneko.
Atxilotuetako 29 Iruñean bizi dira, sei Berriozarren, bi Burlatan, eta bertze baten bizilekua ez dute eman. Jatorriz, Gobernu Ordezkaritzaren arabera, horietako hamar Iruñekoak dira, bat Burgoskoa (Espainia), 22 Nigeriakoak, bi Dominikar Errepublikakoak, bat Kolonbiakoa, bat Uruguaikoa eta bertze bat Ghanakoa.
«Sareko buruak» atxilotu dituela nabarmendu du Poliziak. Iruñeko eta Burlatako bi etxebizitza eta Iruñeko telefonotegi bat jo dituzte «sarearen egoitzatzat», eta toki horien miaketetan froga izan daitezkeen objektu asko atzeman dituztela erran dute: «Nigeriako hamar pasaporte faltsu, 11 ordenagailu, gama altuko inprimagailu bat, erresoluzio handiko eskaner bat, eta agiriekin lan egiteko lanpara ultramore bat». Agustine E.O. 36 urteko nigeriarra eta haren bikotekide espainiarra, Beatriz V.L. 25 urtekoa, omen ziren sareko buruak, Angela Francisca C.S. 32 urteko dominikarrarekin batera. Poliziak egin dituen kalkuluen arabera, sareko buruek 600.000 euro poltsikoratu dituzte. «Nigeriarrak bere herrikideen beharrari etekina atera die». Riparen hitzetan, Nafarroako sareak «nazioarteko loturak» zituen, Nigerian, Alemanian, Belgikan eta Italian.
«Zorra kitatu ezean, min eginen zietela esaten zieten; 8.000-15.000 euro artean ordaindu behar zituzten»
«Ezkontideek zin egin behar zuten ez zutela benetako elkarbizitzarik eginen, ez zutela familia osatuko»
vicente ripa
espainiako gobernu ordezkaria nafarroan
Ripak legez kanpoko immigrazioaren aurka «tinko» ari direla dio
Polizia operazioak erakusten du, Vicente Ripa Gobernu ordezkariaren ustez, «legez kanpoko immigrazioaren aurka tinko borrokatzen» ari dela. «Horren erakusgarri, Espainiako Poliziak azken lau urteetan 250 pertsona kanporatu ditu. Immigrazioa modu ordenatuan, legezkoan eta integratuan egitea nahi badugu, lan kontratuarekin etorri behar dute hona. Eta kontraturik ez dutenean, atzerritarrak kanporatzen dira, eta irregulartasun hori sustatzen duten enpresaburuei isunak jartzen zaizkie. Azken lau urteetan, 460 isun jarri ditugu (hiru milioi euro)». Bertzetik, etorkinek Gizarte Segurantzari egiten dioten ekarpena gogorarazi zuen Ripak 2004tik sorturiko enpleguaren %42,7 etorkinek hartu dute, eta etorkinak direla eta Nafarroan segurtasun gutxiago dagoenik ukatu zuen.
DaTUa
117
«Esplotatzaileak». Immigrazio legez kanpokoa sustatzen dutenei isunak jartzen zaizkiela erran du Ripak. «Eta, kasurik lazgarrienetan, esplotatzaileak atxilotu egiten dira. 2004 eta 2007 artean, 117 pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak».
(Puede haber caducado)