Islamisten alde propaganda egitea leporatuta atxilotutakoek Ertzaintzaren jokaera salatu dute

Kargurik gabe aske geratutako lagunek «froga barik» atxilotzea egotzi diote Ertzaintzari

Berria, edurne begiristain, 05-03-2008

Gasteiz

Jihadaren aldeko propaganda banatzea leporatuta, otsailaren 14an atxilotutako eta biharamunean kargurik gabe libre utzitako hiru lagunetatik bik Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren jokabidea salatu dute. Amir eta Akram 30 urteko aljeriarrek barkamena eskatzeko galdegin diote Javier Balzaren departamenduari, «poliziaren eta komunikabideen ikuskizunaren ostean, dena ezerezean geratu delako».

Ertzaintzak Gasteizko Lakua auzoan hiru lagunak atxilotu eta biharamunean, horietako bi kargurik gabe aske utzi zituen Fernando Grande – Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hirugarren lagunari Gasteizko Epaitegiaren aurrean astero agertzeko agindu zion epaileak.

SOS Arrazakeriako bozeramaile Fede Garciarekin eta Laura Castronado Ertzaintzak polizia operazio egunean miatu zuen mintzalekuaren jabearekin batera agertu dira komunikabideen aurrean Amir eta Akram. Polizia operazioarekin hiru lagunei, islamiar komunitateari, etorkinei eta herritarrei oro har egindako «kaltea» konpondu gabe dagoela azpimarratu du Garciak, eta Herrizaingo Sailak «barkamena» eskatu eta gertatutakoa azaldu beharko lukeela adierazi du. Gainera, erruduntasun ustea errugabetasunaren aurretik jarri izana «oso larria» dela kritikatu du SOS Arrazakeriako bozeramaileak.

Ustez delinkuentzia burutu eta legedia urratzen dutenen aurka jotzerako orduan «zuhurtziarekin» aritzeko eskaera egin die elkarteko bozeramaileek botere publikoei. Gasteizko polizia operazioaren kasuan, ordea, Ertzaintzak «bide errazena» erabili eta «froga barik» hiru etorkinei egin ez duten delitu bat egotzi diela gaitzetsi du.

Hala ere, afera auzitara ez dutela eramango azaldu dute; haien irudiko, Javier Balza Herrizaingo sailburuak atxiloketen arduradunak kargutik kentzea neurri batean «justizia» egitea badelako. Herrizaingo Sailak, ordea, ukatu egin du kargutik kendu izana, eta polizia operazioa agindu zuten ertzaintzak «lekuz aldatu» dituela azaldu du. Areago, lekualdaketa horiek polizia operazioarekin zerikusirik ez dutela argitu du Balzaren departamenduak.

INDARKERIA. Atxiloketa unean Ertzaintzak bortizkeria erabili zuela kritikatu dute Amir, Akram eta haiekin batera etxean bizi den mintzalekuko jabeak. Jakinarazi dutenez, Ertzaintzak lehergailuak erabili zituen etxebizitzako atea botatzeko, eta indarkeriaz atxilotu zituen bi gazteak. Bortizkeriaren ondorioz, horietako batek, gainera, mina hartu zuen hanka batean.

Etxebizitzan eta mintzalekuan egindako miaketan haien aurkako frogarik ez dutela aurkitu nabarmendu dute: Interneten denen eskura eskegita dauden bideoak, CDak eta neskaren ikasle garaiko apunteak baino ez zituen atzeman Ertzaintzak. Mintzalekuan miatutako ordenagailuan musika baino ez zutela topatu jakinarazi dute. Internetetik hartutako bideoen akusazioak «inolako oinarririk» ez duela, eta atxiloketekin Ertzaintzak hedabideetan «argazkia» atera nahi izan duela salatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)