Zantzuak aurkitu dira Igeldoko etorkin adingabeen zentroa nahita erre dutela pentsatzeko

Donostiako udaltzainek abiatu duten ikerketaren emaitzen zain dago Gipuzkoako Foru Aldundia

Berria, erredakzioa, 04-03-2008

Donostia

Guztiz hondatuta dago igande gauerdian piztu zen sutearen ondorioz Igeldon (Donostia) erretako adingabeentzako zentroa. Oraindik bertan inor bizi ez bazen ere, dena prest zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, bertan, bi aste barru, familiarik gabeko hamar etorkin adingaberi harrera egiteko. Sutea zerk eragin duen ez dute azaldu oraindik Gipuzkoako Foru Aldundiko informazio iturriek, Donostiako Udaltzaingoak abiatutako ikerketa amaitu arte zain daudela esan dute. Onartu dute, nolanahi ere, hainbat zantzu aurkitu dituztela sutea nahita sortua izan zela pentsatzeko.

Donostiako suhiltzaileen arabera, garrak 23:15 aldera piztu ziren, Pedro Orkolaga kaleko 39.ean. Eraikineko gela bat guztiz kiskalita dagoela azaldu dute, eta eraikin osoa geratu dela – solairu bi ditu – , oro har, beltz – beltz kearen ondorioz. Eraikin barruan hainbat altzari zituzten muntatzeko, eta horiek ere suak kiskalita geratu dira. Nolanahi ere, etxearen zimenduetan eta egituran kalterik ez dela izan ematen du.

Atzo egun osoa eraikina aztertzen eman zuten Diputazioko arduradunek, zer eraberritze lan egin beharko diren aztertu, eta zentroa irekitzeko zein data berri eman dezaketen aztertzeko. Berez, hilaren 15erako zuten jarria zentroaren inaugurazio data Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariek.

Zentro honetara eraman nahi dituzte gaur egun beste zentro batean dauden hamar etorkin adingabe. Propio adingaberik gazteenei egin nahi diete leku harrera zentro honetan. Sute honek beren planetan aldaketak ekarriko baditu ere, seniderik gabe dauden adingabe guztiei arreta eskaintzen ari zaizkiela nabarmendu dute Gizarte Zerbitzuetako agintariek. Adingabeentzako neurri horiek taxuz hartzearen garrantzia nabarmendu dute, gainera: «Bestela ere, adingabeek Gipuzkoara heltzen jarraituko lukete, baina egoera askoz ere okerragoa litzateke orduan, kasu horretan kalean egongo egongo bailirateke inolako arretarik jaso gabe».

AURRETIK GERTATUTAKO SUTEAK. Etorkin adingabeentzako zentro batean asteotan gertatzen den hirugarren sutea izan da hau. Otsailaren 7an Segurako (Gipuzkoa) Aingeru Guardakoa aterpetxean sutea izan zen, eta lau adingabe atxilotu zituzten ustez jazoera horrekin zerikusia izan zutelako. Hurrengo egunean horietako bi aske laga zituzten, beste bat zentro itxi batera eraman zuten eta laugarrenak tratamendu terapeutikoa jaso behar zuela esan zuten. Aterpetxe horretan behin – behineko egoera zeuden nerabe etorkinak, Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako harrera zentroan konponketa lanak egin bitartean. Justu Segurako zentroa utzi eta Tolosakora itzultze bezperan piztu zen sutea.

Otsailaren 11n lau lagun zauritu ziren Artzentalesko (Bizkaia) El Garmo zentroan sute baten ondorioz kea arnastuta. Sutea bertako gaztetxoren batek eragin zuen susmoa zutela azaldu zuten Bizkaiko Diputazioko informazio iturriek, baina ez zuten inor atxilotu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)