Europako gutxiengo handiena

Egun kontinentean bizi diren hamar eta hamabi milioi ijito inguruk hiru arazo nagusi dituzte: langabezia, pobrezia eta bazterketa.

Berria, arantxa elizegi, 29-02-2008

Indian dute jatorria, nahiz eta gaur egun nomadak izan gehienak. Europara iritsi zirenean IX. mendean bertakoek jakin – minez hartu zituzten. Ikusmina, ordea, gorroto eta xenofobian bilakatu zen laster. Esklabo gisa hartu zituzten batzuek – Errumanian, kasu – ; haiek indarrez desagerrarazten saiatu ziren besteak – naziak, esaterako – ; eta izan ziren beren familietatik banatu eta gizarteratzen saiatu zirenak ere, beren hizkuntza eta kultura debekatuz, eta haien seme – alabak haurtzaindegietara eramanez – Espainia, adibidez – .

Urte asko igaro dira lege horiek indargabetu zituztenetik. Baina gaur egungo Europa demokratikoan ijitoek bazterketa bizi dute oraindik ere. 1990. urtean, esaterako, Alemaniako Gobernuak ehunka mila etorkin kanporatu zituen, horietatik %60 inguru ijitoak ziren. Berlinek, noski, ukatu egin zuen haien kontrako erabakia zela. Gertuago ere badira halako adibideak. Duela bi urte inguru giza eskubideen aldeko Europako erakundeek salatu zuten Txekian «politika bereziak» erabiltzen zituztela ijitoen jaiotza tasa kontrolatzeko. Emakumezko ijitoak esterilizatu egiten zituztela ere salatu zuten 2004. urtean.

Bada bestelako adibiderik ere. Eslovakian iazko urte bukaeran jakin zen «eskola berezietara» eramaten zituztela ijitoen seme – alabak. Bertan irakaskuntza eskasagoa jasotzen zutela gaitzetsi zuten orduan haien gurasoak. «Gobernuak beharrezko heziketa ez eskaintzeak etorkizunean lana lortzeko aukerak murrizten dizkie, eta beraz, bazterketa eta pobrezian murgiltzen dituen etengabeko soka indartzen du», ohartarazi zuen orduan AI Amnesty International erakundeko arduradun Nicola Duckworthek.

Gauza bat ziurra da, Europako gutxiengo handienetako bat dira ijito. Hamar eta hamabi milioi inguru artean kokatzen dituzte Europako agintariek – 15 milioi inguru dira mundu osoan – . Baina gehiago ere izan daitezke, askok bazterketaren edo deportatuko dituzten beldur, ez dutelako erroldetan izenik ematen.

AURRERAPAUSO TXIKIAK. Apurka apurka bazterketaren, langabeziaren eta pobreziaren zulotik ateratzen ari da, dena den, komunitatea. Egun erakunde ugari dira haien kultura indartzeko eta egoera hobetzeko lanean ari direnak. Ijitoen Komunitatea Gizarteratzeko Europako Sarea da horietako bat. Duela gutxi sortu dute erakundea, eta izenak berak dioen bezala, ijitoen bizi baldintzak hobetzea du helburu. Komunitatea zabalduen dagoen herrialdeek, jada, iragarri dute parte hartzeko asmoa. Eslovakia, Hungaria, eta Grezia dira horietako batzuk.

Europako Legebiltzarrak ere baditu hainbat proiektu, ijitoen egoera hobetzeko. Horietako bat da txabola – auzoak desagerraraztea, eta haietan bizi direnei bestelako irtenbideak ematea. Joan den hilaren amaieran Bruselako iturrien arabera, auzo horietan ijitoak eta etorkinak dira gehienak. Aldi berean, naziek komunitate horren aurka egindako genozidioa onartzeko ere eskatu zuen Legebiltzarrak.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)