Epai batek atzera bota ditu Gasteizen SOS Arrazakeriak eginiko erroldatzeak
Berria, , 27-02-2008Gasteiz
SOS Arrazakeria elkarteak bere Gasteizko egoitzan erroldatu zituen 372 atzerritar erroldatik kanpo uzteko erabakia berretsi egin du Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegiak. Gasteizko Udalak hartu zuen erabaki hori 2006. urtean, Alfonso Alonso (PP) alkate zenean. Neurri horren kontrako helegitea aurkeztu zuen SOS Arrazakeriak, baina epaitegiak atzera bota dio. Epaiak gaiaren «mamia» alde batera uzten duela deritzote elkarteko ordezkariek, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea aurkeztuko dutela aurreratu dute.
1999. urtetik SOS Arrazakeriak etorkinak erroldatu izan ditu bere bulegoetan, «alegiazko errolda» deitutako bidea erabiliz. Alokairu kontraturik ez duten etorkinak oinarrizko gizarte zerbitzuak baliatzeko sistema da hori. Etxebizitzaren helbidea aurkeztu ezin dutenez, SOS Arrazakeriaren helbidea erabiltzen da, alegiazko etxebizitza modura. Horri esker, osasun sistemarako sarbidea izan dezakete edo oinarrizko errentaren eta bestelako laguntzak jasotzeko eskubidea dute, besteak beste. Eredu hori toki askotan «onartua» dagoela deritzo elkarteak, udal askok aintzat hartzen ez duten arren.
Fernando Alcantarilla epaileak erabakia hartzeko orduan argudiatu du SOS Arrazakeriak erroldatik kanpo utzitako etorkinen izenean ezin duela hitz egin. Fede Garcia SOS Arrazakeriako Arabako bozeramaileak hori zentzugabekeria dela deritzo. «Nahi izan dugun bakarra helegitea arintzea izan da, kasu guztiak biltzea, 500 helegite egin beharrean». Dena den, helegiteak aintzat har ditzaten banan – banan aurkeztu behar badituzte hori egingo dutela aurreratu du. «Epaileak ez du gaiaren mamia aztertzeko indarrik izan; ez du helegitea ere irakurri».
Eusko Jaurlaritzako II. Immigrazio Planean errolda soziala deitutakoa aintzat hartzen da, eta horren ildotik dator alegiazko errolda, Fede Garciaren ustetan. «Instituzioek arduratu behar dute eskubide hori bermatzeaz, guk ez dugun azpiegitura dute eta», eman du aditzera.
(Puede haber caducado)