«Eskari bat ezin da ondo kudeatu hilero handitzen bada»

Artxandako etorkin adingabeen zentroan bizi direnek adierazi dute euren egoera oso txarra dela

Berria, m.a., 23-02-2008

Bilbo

«Guretzat oso gogorra da jakitea gugaz dauden mutil batzuentzat ez dagoela irtenbiderik, bene – benetan diot, baina une honetan, dudan ardura politikoa aurrera eramateko, ezin diegu gure proiektua mutil guztiei zabaldu». Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu Juan Maria Aburtoren ustez, Bizkaia da seniderik gabeko atzerritar adingabe gehien erakartzen duen lurraldea, egitasmo ona duelako abian: adingabeentzako hezkuntza programak eta 18 urtetik gorakoentzako emantzipazio prozesuak, esate baterako. Baina, haren esanetan, ez dago guztientzako tokirik.

Zein iritzi diozu Diputazioko Langile Batzordeak egindako salaketari?

Arazo artifiziala izan da, lan gatazka batetik beste arazo bat sortu dutelako eta mutil horiei ematen diegun arreta zalantzan jarri dutelako. 2001ean kontratatu genituen langile horiek, Urduñako atzerritar adingabeen zentroan lan egiteko. Joan den urtean lan eskaintza publikoa egin genuen, eta hura gainditu ez zutenak Aldunditik kanpo geratu ziren. Bidegabeko kaleratzeak izan zirela diote, eta berriz onartzeko eskatu digute. Hori da arazo bakarra.

Kudeaketa ere kritikatu dute.

Bi kontu kritikatu dituzte. Alde batetik, gazte gehiegi zegoela zentroetan, eta hori subjektiboa da. Bestetik, zerbitzuaren pribatizazioa dagoela esan dute, eta hori gezur hutsa da. Zerbitzu publikoak dira. Kudeaketa bai, pribatua da, baina ez da enpresekin egina, elkarteekin edo gobernuz kanpoko erakundeekin egina baizik. Hor ez dago negoziorik. Eta hori izan da niretzat kritika mingarriena.

Hezitzaileek bi zentro ixteko eskatu zuten: Artxandako El Vivero eta Artzentalesko El Garmo. Zuk ezagutzen dituzu; han dauden gazteen egoera egokia dela iruditzen zaizu?

Euren egoera hobe daiteke, duda barik, baina ematen dugun zerbitzua egokia dela esango nuke. Egia da zentro txikiagoekin proiektuak hobetuko liratekeela, baina ezin dugu Bizkaira datozen mutil guztiekin prozesu oso bat eraman, eta muga bat ipini dugu. Hortik gehiago badatoz, El Vivero eta El Garmora doaz. Eskari bat ezin da ondo kudeatu hilero handitzen bada. Urtero aurrekontu gehiago jartzen dugu eta zentro gehiago zabaltzen ditugu erantzun egokia emateko, baina erantzun hori ezin da mugagabea izan. Gazteek jakin behar dute mugatik aurrera ez dagoela kurtsorik, eta nahi izanez gero beste toki egokiago batera joan behar dutela. Denok dakigu gazte horiek ez direla Marokotik Bizkaira zuzenean etortzen.

Baina bi zentro horietatik adingabe asko pasatzen da urtero, eta ez zaie heziketa programarik ematen.

El Viveron eta El Garmon dauden gazteak hezkuntza sisteman ez sartzea erabaki genuen, baina gogoeta egin dugu, eta zentroan bertan ikastaroren bat ematea pentsatu dugu. Baina horregaz konpontzen da arazoa? Ez, eurek gero emantzipazio prozesuarekin jarraitu nahi dutelako. Zuk esan duzu egun 85 daudela egoera horretan, baina nik azaldu dizut 80 baino gehiago emantzipazio prozesuetan sartuta dauzkagula jadanik.

Artzentalesko eta Segurako suteei protesta kutsurik hartu al diezu?

Langileek salaketa egin ondoren, arazoak izateko hazia jarri zen; ez dut esan nahi lotura dagoela, baina argi dut kasualitatea ere ez dela izan. Gazteak, eurei buruzko berriak daudenean, mugitzen hasten dira, urduri jartzen, eskubideak aldarrikatzen, paperak lortu nahi dituzte… Horrela hasten dira eta, bai, protesta bat izan daiteke.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)