Ken Loachen 'It's a Free World' film saritua emango dute gaurtik aurrera

Berria, Xabier Martin, 22-02-2008

Veneziako Mostran gidoi onenaren sariarekin saritutako filma estreinatuko dute gaur, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. It’s a Free World fimean globalizazioak Europa garatutako lan mundura ekarritako eraginak islatzen dira gordin, Ken Loachen unibertsoan ezagunak diren osagaiekin. 2006an The Wind that Shakes The Barley – ri esker Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen zinemagileak argazki esanguratsua atera dio Ingalaterrako lan sistemari immigrazioaren bizi – baldintzak sakon azalduz.

Angie eta haren pisukide Rose nekaturik daude besteentzat lan egin beharrarekin, eta lan agentzia bat zabaltzea erabaki dute. Immigranteak dira haien bezeroak. Lana merkea da, soldata negargarria eta legeek kasurik ez egiteko baino ez dute balio. Bizirik irauteko edozertarako prest dauden immigranteen lepotik negozio biribila egin daitekeela ikusiko dute luze gabe.

METODOLOGIA GORDINA. Loach behin – behineko lanetako agentzien metodologia makurra azaltzen du dokumental tonuarekin. It’s a Free World – ek erraiak ateratzen dizkio sistema ustelari, eta ikuslea etsitzea lortzen du, bidegabekeria begien aurrean argi erakutsita.

Ken Loachen zinema konpromisoarekin lotu dute ia betidanik, eta film hau ere, badu horretatik asko. Loachek, ordea, baditu aurkakoak. Esaterako It’s a Free World – en melodrama gehiegizkoa dela diotenak ez dira gutxi. Estiloan ere didaktikoegia dela diote, agerikoegi dabilela, eta horrek sinesgarritasuna kentzen diola. Edonola ere, Ken Loachen lana arretaz jarraitu ohi da Europako zinemaldi handietan; filma hau da adibidea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)