«It's a Free World»

Gara, Mikel INSAUSTI, 22-02-2008

Ken Loach – ek jaso zuen Veneziako Mostran Zuzendari Onenari emandako Signis Saria, eta Paul Laverty – ren gidoia ere saritu zuten bertan. Sevillako Jaialdian, «It’s a free world» (Mundu aske batean) filmak Urrezko Giraldilloa irabazi zuen, pelikulak etorkinek jasaten duten lan esplotazioaz egindako diagnostikoa ezin egokiagoa dela aitortu zuten ikusleei esker.

Ken Loachen zinemagintzak osasun ona du film luzeak zuzentzen berrogei urte baino gehiago eman eta gero. Bere lanak indarrean egotearen gakoa eboluzionatzen jakin izanean datza, berak kapitalismoari egindako kritika estrategiaz aldatzen eta berritzen joan baita denboran zehar. Une bakoitzean klase gutxien mesedetuen egoera aztertzea da kontua, gizarte diagnostiko zehatza egiten asmatzea, eta inork ez bezala egiten du hori zinemagile ingeles engaiatuenak.

«It’s a free world» filmarekin langile higikundearen behaketa eta analisiaren eguneraketa bat egin eta, sindikatuek indarra galdu eta langileak behin – behinekotasunaren eta globalizazioaren ondoriozko «elkartasunik gabeko indarrik ez» lemaren biktima bilakatu diren ahala, haien artean eman den desegituratze progresiboa egiaztatu du. Gaur egun historian izan den handiena da lan esplotazioa, beren buruak demokratikotzat dituzten gobernuek onetsita. Immigrazioa langile merkeen iturri agorrezina da eta horri lehenengo munduan etekina ateratzen diotenak dira arraza arazo gisa aurkezteko interes handiena dutenak. Bitartean, egoera hori onuragarri zaigun heinean isilik egongo diren kontsumitzaile otzanen papera betetzea dagokigu guri, gure azpian gizarte klase inportatu berri bat dagoenaz jakitun.

Ken Loachek eta bere gidoilari den Paul Lavertyk, «The wind that shakes the barley» (Garagarra astintzen duen haizea) filman irlandar independentzia higikundearekin kontuak itxi ostean, ekonomista eskuindarrek «mirari ingelesa» deitu dutenaren inguruan gertatzen ari dena jakinarazteko beharra zuten. Badiduri, bat – batean, Ingalaterrari eta Ameriketako Estatu Batuen politikaren jarraipen itsua egiten duten beste herrialde batzuei munduko gainerako herriek bizi duten krisiaren eraginez hango biztanleak mendebaldeko paradisura emigratzera behartuta egoteaz onura ateratzeko eskubidea onartu behar litzaikeela. Ingalaterrako autobideetan barrena berriro autoz bidaiatzean, errepide bazterreko paisaia zein azkar aldatu den frogatzea izan zen Lavertyri zirrara handiena eragin ziona: jada ez dago fabrikarik eta dena dira biltegiak eta biltegiak, hemen «merkataritza eremu» deitzen ditugunak. Han lan egiten duen jendeaz hitz egin beharra zegoen, etorkinak gehienak, jada ez baita deus ekoizten eta ezkutuko lantegietatik datorren oso kostu baxuan inportatutakoa bildu eta banatu besterik ez baita egiten. Eta administrazioek gogo onez hartzen dute, gainera, gero hautesleei begira immigrazio legeez hitz egiten duten arren.

Auzia hain zen egokia ezen, Estatu espainoleko estreinaldiaren kariazko prentsaurrekoan, PPk eta Mariano Raxoik aldeztutako «gizarteratze kontratuaz» galdegin baitzioten Ken Loachi. Zinemagilea oso asmotsu egon zen eta proposamenaren gezurrezko «gizarteratze» asmoez barre egin zuen, Ingalaterran ere Sarkozyren eredu horren alde egin baitute. Esan zuen ez zituela imajinatzen Costa del Solen bizi edo beren bigarren etxea duten turista ingelesak beren gaztelania ezagutzak erakusteko azterketa egiten. Afrikarrak, latindarrak eta gainerakoak izango dira kontrolak pasatu beharko dituztenak eskubide osoz esplota ditzaten.

«It’s a free world» filmeko protagonista lan malgutasunak jo du, areago gaueko lanaldietan aritzeko aldi bateko kontratuak besterik eskaintzen ez dizkioten ama ezkongabea den aldetik. Bere burua berriro kalean ikustean bere kontratazio enpresa sortzea erabaki du, «paperik gabekoak» are okerrago daudela eta ematen dieten edozer onartu behar dutela baliatuz. Horrela, postu bat egingo du gora kapitalaren gizarteko piramidean.

Angie, lanik gabe gelditu ostean, bere bizilagunarekin aldi baterako lan agentzia bat abiaraztea erabaki duen hogeita hamar urteko ama ezkongabea da. Dirua irabazteko ezin dela hain zintzoa izan konturatuko da geldi – geldi eta esplotatu izatetik esplotatzaile izatera pasatuko da lanerako paperik gabeko etorkinak hartzean.

Lagun Paul Laverty

Paul Lavertyk Ken Loachen zazpi film luzeren gidoiak idatzi ditu dagoeneko, biek parte hartu zuten talde lanetan sartutako bi segmentuz gainera. Elkarlanaren hasiera ustekabean sortu zen, Calcuttan jaiotako gidoilari eskoziarrak abokatutzan aritzean geldialdi bat egitea erabaki baitzuen, Glasgow utzi eta borondatezko gisa Nikaraguara joateko. Hainbeste markatu zuen esperientziak ezen zerbait idatzi nahi izan baitzuen Contra – ren sandinismoaren jazarpenaz, eta Ken Loach izan zen proposamenaz interesatu zen bakarra. Handik sortu zen «Carla’s Song» (Karlaren abestia) filma. Elkarrekin zuten internazionalismoak «Land and Freedom» (Lurra eta Askatasuna) filmatzera eraman zituen lehenago, eta han agerraldi labur bat egin zuen Lavertyk kameren aurrean. Han ezagutu zuen Iciar Bollain, eta berarekin kokatu zen Madrilgo Lavapies auzoan, bertako kulturaniztasunak erakarrita. Horrek ez zizkion bere Celtic maitea edo auzo txiro eskoziarretako «My name is Joe» (Nire izena Joe da) eta «Sweet Sixteen» (Hamasei eztiak) bezalako istorioak ahantzarazi. M.I.

Gaztelaniazko izenburua:

Estatu espani:

Gidoilaria: Paul Laverty.

Ekoizlea: George Fenton.

Antzezleak: Kierston Wareing,

Herrialdea: Ingalaterra, 2007.

Iraupena: 96 minutu.

Generoa: Gizarte drama.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)