«Kanporaketak zuzenean ebatzi nahi ditu Gobernuak, epaileak saihestuz»
Etorkinak kanporatzeko Frantziaren politika gogor kritikatzen du Laurence Hardouin abokatuak; Hendaiako zentroa handitzea politika horren erakusgarri dela dio.
Berria, , 16-02-2008Baiona
Polizia etxeetan atxilotuei laguntza ematen dien Cimade erakundeko kide gisara, etorkinen kanporaketetan oinarri – oinarrizko eskubideak maizegi urratzen direla ikusi du Laurence Hardouin abokatuak. Oso kritikoa da Frantziako Gobernuaren immigrazio politikarekin.
Iaz bezala, legez kanpoko egoeran bizi diren 25.000 etorkin egozteko xedea duela iragarri du Sarkozyk. Zergatik tematzen da helburu horretan?
Tematu baino gehiago, Sarkozyren obsesioa dela erran nezake. Baina, kopuru horretara heltzeko, egoera bortxatu behar izaten du. Bizi arrunta egiten duten etorkinak atxilotu ditu. Gizarteari sinetsarazi nahi izan dio etorkinek frantziarren tokia hartzen dutela. Ez da horrela, eta kopuruek argi eta garbi erakusten dute hori. Egia da ez dutela agiririk kasu anitzetan, baina lana dute, seme – alabak, bizi arrunta. Baina zabaldu duen mezu politikoa gorpuzteko, kuotak bete behar ditu Nicolas Sarkozyk, eta obsesio horren ildoan, zernahi egin du.
Zer adierazi nahi duzu horrekin?
Berrikitan 89 urteko emazte kurdu bat atxilotu dute Parisen. Hipokrisia galanta dago Sarkozyren kuoten gibelean. Egotzi dute emazte hori? Ez. Baina Sarkozyk ez ditu jakinarazten egiten dituen egozpenak, aginduak baizik. Parisen 80 urteko gizon bat atxilotu zuten bainuontzian, etxean. Erretreta adinean zegoen txinatar bat ere auzipetu zuten, zebrabidea ez errespetatzeagatik omen. Horrelako kasuak ez dira salbuespena. Pentsatzen dugu eskatutako egozte aginduen %25 bete gabe gelditzen direla. Alegia, iaz 23.000 egozte agindu eskatu bazituzten, benetan 17.000 lagun egotziko zituzten.
Kopuru handia da, hala ere. Zer garrantzi du Hendaiako Atxikitze Zentroak horretan? Eta zer aldaketa izango da eraberritze lanen ostean? Alegia, apirilaren 1etik aurrera?
Orain artean 500 lagun inguru egozten zituen Hendaiako zentroak urtero. Orain, 15 tokitatik 30era pasatuko da, eraberritze lanen ondorioz. Helburua jarrita dago. Baina so egin dezagun nolako jendea atxilotzen duten. 2005eko apirilean ehun bat errumaniar atxilotu zituzten, autobusetan zihoazelarik. Nola sar daitezke ehun pertsona hamabostentzako tokian? Bereizi zituzten, pasaportea zeukatenak batera eta ez zeukatenak bestera. Lehenak kanporatzea errazagoa da. Beraz, horiek bihurtzen dira helburu. Poliziak bereizketa sistematikoa egiten du. Pasaportea duten etorkinak kanpora ditzake; beraz, horiek atxilotzea lehentasun bilakatzen da. Iragartzen duten helburuaren kontrakoa lortzen dute, beraz; legezko egoeran dauden etorkinak kanporatzea eta, aldi berean, agiririk ez dutenak libre uztea.
Etorkizunera begira, zein kezka dituzue?
Etorkinen kanporatzeak zuzenean ebazteko eskumena nahi du Gobernuak, eta epaileak saihestu. Aldaketa hori legean gauzatzea lortzen badute, Vichyko garaietara itzuliko da Frantzia. Lehen botere politikoak erabakitzen zuen juduak, komunistak edo langile xumeak igortzea Alemaniara; engoitik, mundu zabalera igorriko dituzte etorkinak, lehen bezala arduradun politiko batek erabakita. Asmo hori indarrean sartzeko, Konstituzioa aldatu beharko dute. Gobernuak badaki auzitara eramaten dituen etorkinen kasuen %11 bertan behera uzten dituela epaileak. Beraz, kopuru hori kanporaketen kopuruari erantsi nahi diote asmo horren bidez.
Zein eragozpen dituzue Hendaiako zentroan zuen lana egiteko?
Lapurdin elkartasun handia dago, elkarteen sostengu sarea antolatu da eta abokatuek ere defentsa bermatzen diegu. Baina aitortzen dugu ez ditugula atxilotu guztiak ikusten eta eskubide urraketa guztiak ezin ditugula saihestu. Eskubideei buruzko informazioa eman nahi diegu atxilotuei, babes politikoa eskatzeko prozedurak azaldu eta laguntza eman. Baina anitzetan ez dugu lortzen prozedura gelditzea.Txetxenia, Kurdistan eta hainbat herritako etorkinen bizia arriskuan dago sorterrira itzuliz gero. Hala ere, Frantziak hara igorri nahi ditu, eta onartezina da hori. Sistema ez dago eskubideetan oinarrituta; loteria hutsa da.
Attali txostena eskuratu du berrikitan Frantziako Gobernuak. Esku lanean aritzeko etorkin gehiago behar dela dio. Ez doa hori Sarkozyren irizpidearen kontra?
Bai, noski. Sarkozyk badaki daraman politikak ez duela iparrik. Baina gizartean eragina du eta botoz elikatzen du. Eskizofrenia hutsean ari da. Europako etorkinak nahi ditu enpresetako aginte postuetan eta gaineratekoak esku xume gisa baliatu. Funtsean, Frantzia zuritu nahi du Sarkozyk. Arrazaren kolorearen arabera arautu nahi du lan merkatua.
(Puede haber caducado)