Etorkinak enplegu aukera gehien duten eremuetan trebatzera joko du Jaurlaritzak

Egun dagoen azpiegitura indartu nahi du Immigrazio Plan berriak, 96 milioi euroko aurrekontuarekin

Berria, jon rejado, 15-02-2008

Gasteiz

Orain arte egindakoa sendotu eta pausoak eman etorkinen laneratzea errazteko. Horrela laburtu zuen atzo Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak EAEko II. Immigrazio Planaren edukia. Legebiltzarreko Gizarte Gaietako Batzordean hartu zuen hitza: «Biltzen, Heldu, Ikuspegi eta bestelako zerbitzuak sortu ziren I. Immigrazio Planaz baliatuta; bigarren planak aurrera egin nahi du eta integrazioa lortzeko zerbitzu berriak garatu». Laneratzea «erabateko» gizarteratzea lortzeko tresna dela azaldu zuen. Helburu hori lortzeko eskaera gehien duten lanpostuetara egokitzeko ikastaroak eskainiko dizkiete etorkinei.

Etorkinen erabateko integrazioa du helburu planak, eta 96 milioi euroko aurrekontua du. Madrazoren arabera, Espainiako legeria egokiena ez den arren, eskumenak dituen gaietan «ahal beste» aurreratzeko nahia du Jaurlaritzak. Instituzioen arteko elkarlana sendotuko da plan berriaren bitartez. Egungo egoeraren berri izateko ikerketa bereziak egingo dira, eta emakumeari lehentasuna emango zaio hainbat arlotan, laneratzean kasu.

Enplegua

Eusko Jaurlaritzaren arabera, lana da baztertuak izateko arriskua dutenak gizarteratzeko tresna egokiena. Horregatik, etorkinen prestakuntzan «indar berezia» jarriz, aparteko neurriak iragarri zituen atzo Madrazok. Laneratzeko dauden zerbitzuen berri emateko kanpainak egiteaz gain, laneratzeko programetako sarbide baldintzak eta metodologia etorkinen premia berezietara egokitzeko helburua du Immigrazio Plan berriak. Euskal Enplegu Zerbitzuan (Lanbide) sartzeko aukera emango zaie etorkin guztiei. Lana lortzeko zailtasunak dituen kolektibo gisa hartuko ditu Lanbidek, eta, batzordean izan ziren Legebiltzar taldeek eskatuta, etorkinen ikasketak kontuan hartuko dira. Trebakuntza ere indartuko da, ikastaro berezien bitartez, batez ere eskari gehien duten lanpostuetara begira. Emakumeei aparteko arreta eskainiko zaie, lehentasuna emanez.

Osasuna

«Osasun sistema erabiltzeko eskubidearen erabateko betetzea» bilatu du planak. Etorkinentzat propio diren neurriez gain, osasun zerbitzuko langileen «etengabeko trebakuntzari arreta berezia» eskainiko zaio. Trebakuntza horretan emakumeen behar bereziei garrantzi apartekoa emango zaie. Osakidetza eta etorkinen elkarteen artean elkarlana bilatu da. Hori lortzeko Osakidetzako baliabideen kudeaketa kontuan hartuko da. EAEko osasun zerbitzurako sarbidea errazteko kanpainak ere indartuko dira propio etorkinei begira.

Etxebizitza

Etxebizitza lortzeko laguntzak berdintasun baldintzetan jasotzeko neurriak proposatzen ditu planak. Premia bizia duten etorkinei nolabaiteko erraztasuna emango zaie, premia larrian dauden gainerako kolektiboei bezala. Errolda eta pasaportea aski izango dira Etxebiden izena eman ahal izateko, eta baliabide nahikoa ez duten etorkinentzat harrera pisuak finantzatuko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Hezkuntza

Hezkuntzarako eskubidea eta hizkuntza integrazioa – euskara zein gaztelania – bermatzeko helburua du planak. Eskola liburuen edukiak egokitu eta irakasleei ikastaroak emateaz gain, behar berrietara moldatzeko atzerriko hizkuntz hedatuenak ikasteko aukera ere aintzakotzat hartzen du planak.

Berme juridikoa

Segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko ditu Eusko Jaurlaritzak alor honetan. Etorkinen Behar eta Eskubideen Araua egingo du, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eredu bateratu bat egon dadin. Oinarrizko eskubideei dagokienez beharrezko laguntza juridikoa emango zaie etorkinei. Atxilotuak direnean ere haien egoeraren jarraipena egiteko giltza eskaintzen du II. Immigrazio Planak. Gainerako zerbitzuetan bezala, itzulpen zerbitzua bermatzeko beharra ere nabarmentzen du.

Sentsibilizazioa

«Immigrazioa egitate on baten moduan ulertu behar dugu». Javier Madrazok hitz horiekin aurreratu zuen atzo, Eusko Jaurlaritzak immigrazioaren inguruan abiaraziko duen kanpaina. Batzordean atzo parte hartu zuten Legebiltzar taldeak ere horren alde agertu ziren.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)