Arabako Diputazioak uste du adingabeen zentroko 28 etorkinetatik 15 nagusiak direla

Agiriek diote adingabeak direla, baina Diputazioak ezetz uste du, hezurren azterketetan oinarrituta

Berria, ERREDAKZIOA, 13-02-2008

Gasteiz

Adingabeak direla dioten agiriak dituzte, baina Arabako Diputazioak ez die sinesten. Erakundeak uste du Zabaltzen adingabe atzerritarrentzako zentroan dauden 28 gazteetatik 15 adin nagusikoak direla. Arabako Diputazioko teknikariek gazteen hezurrak aztertu dituzte, eta adinez nagusiak direla uste dute, gazteek adingabeak direla dioten agiriak dauzkaten arren.

Espainiako Atzerritarren Legeak jasotzen duenez, agiriak gailendu egiten zaizkio hezurren azterketari, eta Arabako Diputazioak gazte atzerritarrei beharrezko laguntza eman behar die. «Ezin dugu ezer egin», esan zuen Claudio Rodriguez Arabako diputatu nagusiordeak, atzo. Baieztatu zuen gazte horiek ez dituztela kaleratuko. Hala ere, Espainiako Atzerritarren Legea aldatzeko eskatu zuen, adingabeen adina zehatz – mehatz jakinarazi duten arauak eta irizpideak zehazteko.

Urtarrilean Gipuzkoako Auzitegiak baliogabetu egin zuen Gipuzkoako Diputazioak 2006an adingabe marokoar bati adina aldatzeko eman zuen agindua. Diputazioak, gaztearen gorpuzkera ikusita, uste zuen ez zeuzkala 17 urte. Azterketa egin zioten Adingabeen Auzitegiko fiskalak eskatuta, eta gazteari adina 14 urtera aldatu zioten, azterketan oinarrituta. Gipuzkoako Auzitegiak ebatzi zuen pasaportean ageri diren bezala onartu behar direla bertako datuak. Eta zalantzarik badago, bestelako agiriren batekin alderatu behar dela, jaiotze agiriarekin, esaterako.

ZABALTZENEN EGOERA TXARRA. Zabaltzen zentroa Gurutze Gorriaren Gasteizko egoitzan dago, behin – behinean. Hamabi adingabe hartzeko prestatuta dagoen arren, 28 daude. Zabaltzeneko langileek zentroaren egoera txarra salatu zuten iragan ostiralean. Egoera konpontzeko benetako neurriak eskatu zizkioten Arabako Diputazioari, «zentroak gainezka jarraitzen baitu».

Claudio Rodriguez Arabako diputatu nagusiordeak atzo esan zuen ez zutela Zabaltzeneko egoeraren berri langileek salatu zuten arte. «Informazio hori ezkutatu egin ziguten, ez dakit zertarako», esan zuen.

Rodriguezek «sumatzen» du, frogarik ez daukan arren, inguruko autonomia erkidegoek adingabe atzerritarrak Arabara bidaltzen dituztela, «askoz ere hobeto daudelako».

Diputatu nagusiordeak ez zuen baieztatu ea atzerritar adingabeentzako zentroa Armentian egingo duten. Bertan egingo dutela esan zuen Covadonga Solaguren Arabako Gizarte Gaietarako diputatuak duela egun batzuk. «Uda baino lehen» irekiko dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)