Ugazaba bat atxilotu dute, ustez langile etorkinak esplotatzeagatik
Berria, , 13-02-2008Bilbo
Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak jakinarazi duenez, Bilboko hotel bateko ugazaba, 58 urteko M.C.A.A. emakumezkoa, atxilotu zuen otsailaren 6an Espainiako Poliziak. Ustez langileen eskubideen kontrako delitua egin izana leporatu diote . Hoteleko enplegatuei – etorkinak eta emakumezkoak ziren – 55 orduko lanastearen truke 230 euroko soldata ordaintzen zien, gutxi gorabehera euro bat lanordu bakoitzeko. Horrez gain, ez zien Gizarte Segurantzaren estaldurarik ematen.
Langile horiek guztiak Boliviatik, Errumaniatik eta Kolonbiatik etorriak ziren. Astelehenetik ostiralera egunero zortzi ordu lan egiten zuten, eta larunbatetan hamabost.
Iturri berberek jakinarazi dutenez, enplegatuetako bik , Boliviako 20 eta 47 urteko bi emakumek, ez zuten paperik, eta atxilotu egin zituzten. «Indarrean den legedia» aplikatu dietela erantsi dute.
EPAIKETA, USTEZKO IRUZURRAGATIK. Bestalde, enpresaburu baten aurkako epaiketa hasi zen atzo Bilbon, 2006an ustez 14 langile atzerritarri iruzur egiteagatik. Langileek salatu dutenez, 1.200 eta 1.500 euro artean eskatu zizkieten lan kontratua egiteagatik, inolako azpiegiturarik eta jarduerarik ez zuten ostalaritza enpresetan aritzeko. Harresiak Apurtuz koordinakundeak babestuko ditu langileen eskubideak. Talde horrek esan du langile atzerritarrek ez dutela «inolako babesik» erakundeen aldetik, eta segurtasun juridiko faltan bizi direla.
(Puede haber caducado)