Erdalfobia (I)

Berria, Anjel Lertxundi, 09-02-2008

Garai ez hain urrutietan ohikoa zen beltz bat umiliatzea edo homosexual bati iseka egitea. Pixkanaka, jokabide horien injustiziaz jabetzen hasi ahala, izena jartzen hasi ginen injustizioi, eta, egun, gizarte ondo hezi batek hatzaz eta mespretxuz seinalatzen ditu xenofoboak eta homofoboak.

Lehendabizi, injustizia ikusi. Ikusitakoan, izendatu.

Ez gara, ordea, injustizia guztiez jabetzen. Xenofobia atzerritarrekiko gorrotoa edo aurkako jarrera bada, nola deitu behar zaio beste hizkuntzekiko gorrotoa duenari? Erdalfobia hitzarekin nator.

Euskara da, baiki, erdara definitzeko ardatza, baina hitzak balio du ni ez den oro definitzeko ere: bestea, arrotza, barbaroa, erdalduna: euskaldun batentzat, erdal frakak atzerriko frakak izan dira beti. Andolin Eguzkitzak Kavafisen barbaroei buruzko poema famatua itzuli zuenean, erdaldunak deitu zien barbaroei, ez euskara – erdara ardatza baliatuz, etxeko – arrotz marra baizik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)