Benetako neurriak hartzeko eskatu dute Gasteizko Zabaltzen zentroko langileek
Aldundiak ohe gehiago jartzea adabaki bat besterik ez dela iritzi diote, zentroak gainezka jarraitzen baitu
Berria, , 09-02-2008Donostia
Gasteizko adingabeko etorkinentzako Zabaltzen zentroan lan egiten duten hezitzaileek zentroaren azpiegituren egoera txarra salatu ostean, Arabako Foru Aldundiak ohe gehiago jarri ditu bertan. «Adabaki bat besterik ez da ohe gehiago jartzea. Gainera, oraindik ere nerabeetako batek lurrean egin beharko du lo. Egoera konpontzeko benetako neurriak hartzeko eskatzen diogu Arabako Foru Aldundiari, zentroak gainezka jarraitzen baitu», salatu dute zentroko hezitzaileek. Aspalditik zeramaten zentroan ohe gehiago jartzeko eskatzen.
2003. urtean zabaldu zuen Zabaltzen zentroa Araba Foru Aldundiak, eta behin – behinean Gurutze Gorriak Gasteizen duen egoitzan atondu zuen. Hasiera batean 12 neraberentzako zegoen prestatuta, baina iazko martxotik zentroa «ezin beteago» dagoela azaldu dute hezitzaileek, eta ez dagoela horretarako prest. Egun 27 nerabe daude zentroan. «Zentroa bulego bat izateko leku baten dago. Dutxa bat eta hiru komun baino ez daude guztientzat. Hiru komun horietatik bi logeletan daude, eta ez dute aireztapenik. Nerabe askok, gainera, lurrean egin behar izan dute lo, ez zegoelako ohe nahikorik guztientzat. Halako baldintzetan ezin dugu gure lana ondo egin».
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako diputatu Covadonga Solagurenek zentroa ezin beteago dagoela onartu du, eta lanean ari direla arazoa konpontzeko. Hala, horretarako emantzipazio pisu bat irekiko duela iragarri du aste honetan. Duela gutxi, halaber, Armentian seniderik ez duten etorkin adingabeentzako beste harrera zentro bat irekiko zutela iragarri zuen.
Dena den, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diote hezitzaileek. «Adingabeez ari gara, eta halako iragarpen eta epeek ez dute ezertarako balio. Benetako neurriak behar ditugu. Halako egoerek ez dute batere laguntzen haien integrazio prozesuak aurrera jarrai dezan», iritzi diote Zabaltzen zentroko hezitzaileek.
(Puede haber caducado)