Etorkin adingabeentzako etxe bat erre da Seguran, ustez nerabeek eragindako sutean

Herrizaingo Sailak 15 eta 16 urteko lau gazte atxilotu ditu, sutea propio eragin dutelakoan

Berria, erredakzioa, 08-02-2008

Donostia

15 eta 16 urteko lau adingabe atxilotu zituen atzo Ertzaintzak, ustez Seguran (Gipuzkoa) atzo arratsaldean kiskali zen adingabeko etorkinentzako zentroan piztu zen sutean zerikusia izan zutelako. Arratsaldeko bostak aldera izan zuten, suhiltzaileek sutearen berri, eta sugar handiekin aurkitu ziren hara iritsi zirenerako. Ordu eta erdi behar izan zituzten amatatzeko. Ertzainek jazotakoaren inguruko ikerketa bukatu orduko, gaztetxoak Adingabeen Epaitegiaren esku laga zituzten.

Etorkinentzako zentroa behin – behinean zuen atonduta Gipuzkoako Diputazioak Segurako Aingero Guardakoa aterpetxean. Tolosakoan obretan aritu dira, eta, berez, gaur zuten Seguratik nerabeak berriro Tolosara eramateko asmoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko informazio iturrien arabera, zenbait gaztetxo ez zeuden ados lekuz aldaketarekin, eta kexuka zebiltzan. Zentroan denera 18 nerabe zeudela esan zuten atzo.

Suteak kalte handiak eragin zituen aterpetxean, eta teilatua erabat kiskalita geratu zen. Nolanahi ere, ez zuen inork minik hartu. Suhiltzaileek azaldu zuten itxura guztien arabera sua gela batean piztu zela, eta hortik zabaldu zela eraikin osora. Zentroko adingabeak atera egin behar izan zituzten bertatik, eta aterpetxearen ondoan dagoen ikastola bateko eskolaumeak ere bai. Antza, une horretan enfretamendu batzuk izan ziren zentroko hezitzaileen eta zenbait neraberen artean. Ez da hau aterpetxe honetan iragan hilabete hauetan gertatu den lehen sutea; iazko azaroaren 26an, sute bat izan zen, baina eraikineko gela bakar bat erre zen orduko hartan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek sutea propio eragindakoa izan zitekeela onartu zuten atzo. Nolanahi ere, jarrera istilutsua ezin zaiela etorkin adingabe guztiei egotzi azaldu zuten. Egun ia 150 adingabe beren ardurapean dituztela jakinarazi zuten, eta istiluak bakan batzuek eragiten dituztela. Jarrera liskartsuen gainean orokortzerik ez dagoela ohartarazi zuten. Tolosako adingabeen zentroan ere liskarrak jazo izan direla salatu dute behin baino gehiagotan bertako herritarrek, eta baita Udalak berak ere. Hezitzaileek ere sarritan jarri dituzte auzitan zentro horretako segurtasuna, eta liskarrak pizteko arriskuaren gainean abisu eman dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)