Mutur zikin horiek

Berria, kaldabe@berria.info, 08-02-2008

Jean Marie Le Penek plataforma europar bat osatzeari ekin dio immigrazioaren aurka, Europaren islamizazioaren aurka eta gainontzeko kontuen aurka borrokatzeko. Frantzian bezala, Belgikan, Austrian eta Bulgarian bildu ditu bere antzekoak, plataformaren lehen harria jartzeko.

Eskuin muturra, ordea, berandu dabil. Berandu dabil, europar eskuin tradizionalak bere egin dituelako aldarrikapen horiek, eta horixe da, hain zuzen ere, eskuin muturrak denbora gutxian hainbeste jarraitzaile galdu izanaren arrazoia.

Nicolas Sarkozy ederki asko baliatu zen kanpokoaren beldurraz lehendakari izateko. Kanpokoa barnekoa izan arren. Le Peni milaka eta milaka boto ebatsi zizkion istant batean.

Alemaniako Hesse estatuan, kristaudemokratek kanpotarren beldurra haizatu dute azken hauteskundeetan. Ez dira jada lotsa. Azken bi hilabeteotan Alemaniako tabloideak ez dira isildu mezu xenofoboak bidaliz. Ondorioa lazgarria izan da: kanpotarra, barnekoa izan arren, ehizaki bilakatu da. Etorkinen komunitatea jomugan jarri dute; turkiar jatorrikoak, erruz komunitate handiena osatzen dutenak, beldurrak airean bizi dira. Asteon Ludwigshafen – en izan den sutea – bost haur eta lau heldu hil dira – nahita eragindakoa izan zen ikertzen ari da Polizia; eraikinaren inguruetan mezu naziak izkiriatu dituzte.

Espainian ere, hauteskunde orokorrak direla medio, PPk programa baino progrom – a izan daitekeena aurkeztu du etorkinak Espainian «integratu» daitezen. Ez da harritzekoa, beraz, europar plataforma xenofobokoentzat Mariano Raxoirena izatea Europako «benetako» eskuin bakarra.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)