isabel holgado Antropologoa
«Biktimatzat jotzen dituzte prostitutak, haien bazterketa justifikatzeko»
Boterean dauden emakume feministei kritika egiten die Isabel Holgado antropologoak, emakume etorkinekin eta prostitutekin modu paternalistan aritzeagatik.
Berria, , 05-02-2008asier azpilikueta
Iruñea
Genero kontuen ikertzaile da Isabel Holgado (Bartzelona, 1969). Prostitutei laguntza eman eta haien egoera arautzen saiatzen den Licit Kataluniako elkarteko kide da, eta emakume etorkinekin lan egiten duen Al hanan elkarteko koordinatzailea da. Iruñean herenegun eman zuen hitzaldian astindu ederra eman zion «feminismo instituzionalari» emakume etorkinak prostitutak bereziki biktimatzat jotzeagatik.
Bertze askoren artean, Adelina ekuadortarraren istorioa kontatu zuen Holgadok. «Prostituta da, Bartzelonan. Bezero bat berarekin ezkondu zen, paperak lor zitzan. Eta lortuta ere, prostituzioan segitu zuen Adelinak. Behin, kazetari batek galdetu zion ea noiz izaten zituen berak orgasmoak. Eta Adelinak erantzun zion bere haurrei 500 euro bidaltzen dizkien bakoitzean izaten duela orgasmoa. Bere familia transnazionalaren kapitaina baita Adelina».
Emakume etorkinak ez direla salbatu behar diozu. Zergatik ez?
Haiek eskatu ote dute salbatzeko? Emakumeek eskatzen dute beren eskubideak ez urratzeko, errespetatzeko, ez gutxiesteko, ez baztertzeko. Baina ez dira salbatu behar. Prostitutek ere ez dute salbatzeko eskatu. Lan egiteko aukera gehiago eskatzen dituzte. Baina ez dute onartzen esparru ekonomiko eraginkor hori uztera behartzea. Prostituta gehienek aukeratu baitute prostituzioan aritzea.
Eta zergatik salbatu nahi dituzte?
Kontua da feminismo instituzionalak gizarte zerbitzuen eskatzaile gisa ikusten dituela emakume etorkinak. Zibilizatu behar ditugula uste du. Eta, generoa dela eta, bazterketa jasaten dutela irakatsi behar diegu, antza. Baina emakume etorkin batentzako, genero bazterketa ez da lehentasuna. Eta prostituta batentzako, prostituzioa ez da bazterketa modu bat, emantzipazio modua baizik.
Emakume etorkinek kultura atzeratuak dituztela uste dugu. Eta gutxiesten ditugu, eta biktima bilakatzen ditugu, eta kriminalizatzen ditugu. Postituten %95 behartuta ari direla erran zuten behin. Hori astakeria da. Biktimizazioaren diskurtsoa darabilte, baina ez emakume horiek salbatzeko, haien bazterketa justifikatzeko baizik.
Zein bazterketaz ari zara?
Lana ematen dietenen menpe daude etorkinak. Eta morroi dira, anitzetan; batez ere neskametzan. Eskubiderik gabeko langileak dira neskameak. Ez dute langabezia saririk, ez gizarte segurantzarik, ez gaixotasun bajak hartzeko aukerarik. Guregana, prostituta baino neskame gehiago etortzen da. Esplotatzailea salatzen zuenari hemen egoteko baimena emanen ziotela agindu zutenetik, Katalunian, zazpi pertsonak bakarrik egin dute salaketa. Zailtasun handiak dituzte. Prostituten kasuan argiagoa da kontua. Behartzen dituztenen kontrako salaketa eginez gero, haiek babesteko protokoloa indarrean jartzen ahal dute. Baina, benetan, lehenago abiatzen dute prostitutaren kanporatze protokoloa. Hala, prostituzio sareak desegiten dituzten gehienetan, ez dituzte prostitutak salbatzen; infernura itzultzen dituzte. Zenbat proxeneta daude kartzelan? Oso gutxi. Eta zenbat prostituta kanporatu dituzte? Milaka. Horiek dira benetako biktimak. Prostitutak salbatzeko aitzakian, ezkutatu egiten ditugu, kanporatu egiten ditugu. Emakume guztiei ziurtatu behar zaizkie eskubide guztiak. Baina boterean dauden emakumeek halakorik ez diete onartzen prostitutei.
Feminismo instituzionalaz ari zara. Baina prostituzioari dagokienez, diskurtso hori erakundeetatik oso urruti dauden feminista askok ere darabilte.
Bai, noski. Nik hala deitu dut, baina deitzen ahal diogu feminismo erradikala. Feminismo horretatik datozenei asko kostatzen zaie prostituzioa eta bortizkeria ez lotzea. Ezin dute ulertu prostituzioa lanbide bat denik. Guk ez diogu zilegitasunik kentzen argudio abolizionisten gibelean dauden egia askori. Ez ba. Baina eskubide urraketa oso larriak izaten ari dira, eta inpunitateari galga jarri behar zaio, orain. Guztien artean egin beharko dugu hori. Eta, noski, prostituten iritzia ere aintzat hartu beharko da. Feminismo instituzionalak prostitutei buruz hitz egiten baitu, prostituten iritzia jaso gabe.
Prostituten %95 behartuta dagoela erratea gezurra erratea dela diozu. Ehuneko hori zein mailatara jaisten da?
Ez dakigu, noski. Bortizkeria dago prostituzioan, ezbairik gabe. Baina behartuta aritzen direnek ez dute gehiengoa osatzen. Bortizkeria dago, bai, baina ez neskametzan baino gehiago. Edo senar-emazteen arteko harremanetan baino gehiago. Munduan, emakume gehienak erditzean eta famili barnean hiltzen dira. Eta ez dugu amatasuna edo familia abolitu nahi. Zergatik, bada, prostituzioa abolitu?
Prostituta gehienek aukeratu dute prostituzioan egotea. Baina bertze aukera ekonomiko hobea balute, ez lirateke prostituta izanen. Neskameen gisa berean. Duela gutxiko ikerketa batek dio neskameen %3k bakarrik segitu nahi duela neskame. Prostituten artean ehuneko hori altuagoa da. Emakumeek jakin baitakite, estigma gorabehera, oso jarduera errentagarria dela prostituzioa. Prostituten aldarrikapenak ez dira bere izaeraren ingurukoak, lan baldintzen ingurukoak baizik. Prostituzioa aukera ekonomiko bat da, historian emakumeen aterpe izan dena. Eta gauza bat da prostituzioa, eta bertze gauza bat da prostituzioan egon daitekeen bortizkeria. Sexu langileen eskubideak onartu behar dira, haien egoera ikusarazteko, haien lan baldintzak negoziatzerik izan dezaten.
(Puede haber caducado)