Hamalau pertsona atxilotu dituzte, horietatik zazpi esplotazioagatik
Berria, , 05-02-2008erredakzioa
Donostia
Espainiako Poliziak hamalau pertsona atxilotu ditu Donostian, horietatik zazpi ustez langile etorkinak esplotatzeagatik. Ia guztiak Pakistangoak direla, eta legezko baimen barik lanean ari ziren langile gehienak ere herrialde horretakoak direla jakinarazi du Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaritzak.
Antza, poliziek iazko urrian hasi zituzten ikerketak. Langile etorkinak esplotatzen ari zen talde baten berri izan zuten, eta eraikuntza lanetan atzera eta aurrera ziharduten langileen baldintzak aztertzeari ekin zioten. Laster, bada, lan egiteko baimenik ez zuen etorkin multzo bat aurkitu zuten Donostiako Amara auzoan eraikitzen ari diren hotel batean.
Administrazioaren arabera, etorkinak garraiatzen zebiltzan arduradunak identifikatu zituzten poliziek, eta Mussadar N. ugazaba atxilotu zuten joan den asteazkenean, langileak esplotatzen ari zen taldeko burua izatea leporatuta. Mussadar N. ugazabak legezkoa den enpresa bat daukala, eta enpresa hori «estalgarri» moduan erabiltzen ari zela adierazi du Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaritzak.
BI URTEKO AZOKA. Mussadar N. ugazabak lau laguntzaile ei zituen Mudassar I., Nasir M., Muhammad A. eta Juan Carlos C., eta baimenik izan ez arren, lana ematen zien etorkinei. Pakistandik etorritako langileei, gehienbat.
Espainiako Poliziak atxilotu egin ditu langile horietako batzuk: Majid M., Anayat K., Shaid L., Muhammad A., Muhtar H., Ehsan A. eta Mumammad S., hain zuzen. Espainian legezko paperak izan barik sartzea eta bizitzea leporatu die poliziak horiei guztiei. Luciano H. eta Angel B. atxilotuei, berriz, langileak esplotatzen zituen sarearekin nolabaiteko lotura edukitzea egotzi diete.
Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkaritzaren arabera, esplotatzaileek bi sos pagatzen zizkieten langileei eta, era horretan, berreskuratu egiten zuten langileak Euskal Herrira ekartzeko inbertitutako dirua. Administrazioak jakinarazi du, gainera, esplotatzaileek eraikuntza lan batzuetatik bestera eramaten zituztela langileak. Hots, aldiro-aldiro lantokiz aldatzen zituzten, Lan Ikuskaritza baimenik gabe ari ziren langileen egoeraz ohar ez zedin.
Langileen eskubideen aurkako jardueretan aritzea leporatu die Poliziak atxilotutako ugazabari eta haren laguntzaileei.
(Puede haber caducado)