«Herri mugimenduko taldeen arazoei eta ekintzei oihartzuna ematen saiatzen gara»

FAKUN AZNAREz Koska irratiko esataria Argentinakoa da sortzez Fakun Aznarez. Koska irratiko esataria da, eta euskaraz etorri ederreko mutila. Iazko indarrari eta programazioari eustea helburu dutela dio.

Berria, AINITZE AGIRREZABALA, 26-01-2008

Donostia

Indarra eta denbora edukiz gero grina horrek nork bere helburuak lortzen laguntzen duela dio Fakun Aznarezek (Buenos Aires, Argentina, 1972). Mikrofonoari ez dio beldurrik, baina irratian egin nahiko lituzkeen gauza guztiak egiteko denbora falta du. Aurrera pausoz pauso, kolpez kolpe egingo dutela dio.

Koska irratiak denboraldi honetarako zer helburu ditu?

Joan den denboraldian erronka batzuk bete genituen, eta orain gure helburua iazko indarrari eustea da. 10-15 lagun gaude, baina bakoitzak bere familia, lana, konpromisoak ditu. Ideiak baditugu, baina benetako irrati baten pausoak emateko egoera zaila dugu; denbora falta dugu. Argi utzi nahi dut Uribe Kostako Koska irratian gauden guztiok musu truk gaudela. Zortzi urte dira Koska sortu zela, eta pausoz pauso, kolpez kolpe egingo dugu aurrera.

Zer programazio duzue?

Gutxi gorabehera zuzeneko sei-zazpi irratsaio ditugu. Itsaso Paiak gidatuta, Algortako bertso eskolakoen saioa dugu. Nik Resumen Latinoamericano bihilabetekariaren irratiko bertsioa egiten dut, euskaraz eta gaztelaniaz. Munduko musikari buruzko saio bat ere badugu. Literaturaren inguruan beste bat, presoen egoerari buruzkoa, rock-and-rollari buruzkoa. Gero, bi hilabetetik behin bi-hiru orduko irratsaio bereziak egiten ditugu herrian gertatu den zerbaiten inguruan.

Gizarteko talde eragileekin zer-nolako harremana duzue?

Saiatzen gara Uribe Kosta inguruan dauden arazoak irratian jorratzen. Esaterako, Erromoko Itzubaltzeta eta Algortako gaztetxeekin bat egiten dugu, baita Sopelako Gazte Asanbladakoekin ere. Herri mugimenduko taldeen zerbitzura gaude. Horiek egiten dituzten ekintzei oihartzuna ematen saiatzen gara.

Herri mugimenduko zer gai lantzen duzue?

Iaz erronka interesgarri bati ekin genion. Uribe Kostako preso politikoen inguruko irratsaioa da: Presoak SOS. Esaterako, duela gutxi polizia sarekada baten ondorioz irratiko kide bat atxilotu zuten, eta horren inguruan saio berezia egin genuen. Eta, Youtuben Koska irratia jarriz gero, errepresioaren kontrako herri indaba-jatearen bideoa ikusi ahal da.

Irratia nola finantzatzen duzue?

Koskan ez dago liberatutako langilerik. Alokairua, argia eta ordenagailua ordaintzeko txosna bat jartzen dugu herriko festetan, eta, hortik aurrera, irratian gaudenok hilero bost euroko kuota ordaintzen dugu. Udalei ez diegu diru laguntzarik eskatu. Ematen duten laguntza nahiko txikia da, eta horren trukean betebeharrak eskatzen dituzte. Erabat autonomoak gara. Baina geure buruari eta herriari erakutsi diogu baldintza horietan ere horrelako irrati bat aurrera eramatea posible dela.

Interneten baduzue lekutxo bat, ezta?

Irratian egiten ditugun gauzak bideo laburren bidez Youtuben edo Euskaltuben jarriz erakustea otu zitzaigun. Gisa horretan, jende askok ezagutu du Koska irratiaren lana. Azken batean, irratsaio bat egiten duzu, eta ez dakizu 5, 10 edo 15 lagunek entzun zaituzten. Gure webgunean, www.koskairratia.com-en, gaztetxeetan egindako irratsaioen bideo laburrak, esaterako, 2.000-3.000 lagunek ikusi dituzte.

Zer harreman duzue beste irratiekin?

Arrosa irrati elkartean gaude, eta talde horretako beste irratiekin magazinak eta programak trukatze n ditugu. Nik hiru urte daramatzat irratian, eta iaz 2 orduko magazina egiten nuen egunero, bakar-bakarrik. Mahaiko lana egin, esatari lana, telefonoa hartu, musika jarri… dena geuk sortzen dugun talaia da hori. Indarra eta denbora nuen. Denboraldi berri honetan, ostera, konpromiso gehiago ditut. Aita izan berri naiz.

Mezurik bidali nahi al diezu Koska irratiaren entzuleei?

Inguruko jendea gustuko dituen gauzez irratian hitz egitera animatu nahi dut. Mikrofonoari beldurrik izan gabe ateak irekita dauzkate: gurekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)