Tori paperak, giltzurrunen trukean
Berria, 05-02-2008LeIHaTILa
cristina Berlanga
Ironia halakoaz aritu zen lehengo batean Gran Wyoming, Espainiako Osasun Ministerioak abiarazitako kanpaina dela eta, alegia, «askotariko immigrante taldeen artean organoak ematearen eta transplantearen kultura» sustatzeko asmoz bultzaturikoa. Honako hau da kanpainaren leloa: Zure bihotzak ez daki kulturak edo koloreak bereizten, gainerako zure soin atalek ere ez dakite. Eta honako hau da kanpainaren helburua: hainbat hizkuntzatan dauden liburuxkak banatzea osasun zentroetan, kontsulatuetan, mezkitetan eta GKEetan. Biztanle musulmanentzako liburuxkek, esate baterako, Koranari buruzko aipu esplizituak dakartzate; mendebaldeko bizilagunentzakoek, aldiz, familiarekiko komunikazioaren garrantzia nabarmentzen dute batez ere.
Niri, eta uste dut baita mundu guztiari ere, txikitan erakutsi zidaten gaizki zegoela hatzaz inor seinalatzea. Eta kanpaina horrek lotsagabe seinalatzen ditu pertsona immigranteak. Herritar guztientzako ez izateak berak, kultura edo jatorri kontuetan sakondu gabe ere, kanpainaren hartzaileekiko gaitzespena dakar. Eta alderaketa higuingarria da, halaber, immigranteei egindako deia zuritzeko aitzakia gisa baliatzea, etengabe, espainiarren elkartasuna eta eskuzabaltasuna – horiei eskerrak, eta organoen emateari dagokionez, munduko lehen estatu bihurtu baita Espainia – .
Ministerioak dio, atzerritarrei dagokienez, badirela hainbat eragile organoak emateko orduan: besteak beste, hizkuntza eragozpenak; beren sorterrietan ez egotea erroturik organoak ematearen kultura; organorik eman nahi ez izatea, beren erlijioak debekatu egiten dietelakoan; edota organoak emateak hileta erritoak egitea eragotziko dietelako ustea izatea. Batez beste, 34,3 organo eman ziren milioi biztanleko 2007an; Europako Batasunean halako bi, 17,8 izan baitzen hango batez bestekoa.
Datu horiek ikusirik, ez dirudi, inondik inora ere, eskuzabaltasun irakasgairik emateko moduan dagoenik Ministerioa, ez eta Europako biztanleak bereziki sentiberak direnik ere hil eta gero organoak eman edo ez erabakitzerakoan. Horrek esan nahi du, beharbada, heriotza eta haren inguruko guztia tabua dela, oraindik ere, ia kultura guztietako jende askorentzat. Kanpainaren leloak arrazoi dauka, bihotzak ez baitira gai ez kulturak ez koloreak bereizteko. Horretarako gai dira, ordea, gobernuak, gobernuetako legeak, eta elkarren arteko interesak babestearren hitzartutako estatu batasunak – pobre bihurrarazten ditugun herrialdeetako baliabideak ebatsiz eta haietatik datozen pertsonak ustiatuz – .
Justizia gai da kulturak eta koloreak bereizteko, baldin eta Espainiako eskuin muturrekoei baimena ematen badie «urruneko lurretatik etorritako zirtzileriaren» aurkako kale agerraldiak egiteko. Gure ongizateari eusteko, odola xurgatzen diegu, Atzerritarren Legearen aldaketa izugarriak hitzematen dizkiegu hauteskundeetako amu gisa, eta, horretaz gainera, behin hil eta gero beren organoak eman diezazkiguten eskatzen diegu, azken uneko elkartasun keinu gisa. Lotsagarria.
(Puede haber caducado)