«Gobernuak egiten nau arrazista»

Administrazioek etorkinei bertakoei baino laguntza gehiago ematen dien uste okerra hedatzen ari da

Berria, asier iturriagaetxebarria, 01-02-2008

Bilbo

Gobernuek eta bestelako gobernuz kanpoko erakundeek ematen dieten laguntzetatik bizi dira etorkinak. Guk guztiok emandako dirutik bizi dira, eta ez dute lan egin nahi. Uste hori gero eta zabalduago dago gizartean. Herenegun arratsaldean, etorkinen gizarteratzea aztertzeko FNAC Forumek Bilbon duen dendan egindako mahai – inguruan gai horixe irten zen. Mahai – ingurua jarraitu zuen entzule batek bezperan gizon bati entzundakoa azaldu zuen. «Haren lagun bat langabezian geratu zela jakitean esan zuen bera ez zela arrazista, baina Gobernuak arrazista bihurtuko duela, etorkinei era guztietako laguntzak ematen dizkielako».

Mahai – ingurura gonbidatuta zeuden Cristina Blanco Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Migrazioak masterreko zuzendaria, Xabier Aierdi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria, Jose Roberto Marro Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendaria eta Latif Jatabi AZRAF etorkin marokoarren elkarteko kidea. Administrazio publikoko ordezkari moduan, Marrori egokitu zitzaion entzulearen gogoetari erantzutea. «Gezur asko esaten dira horren inguruan. Jaurlaritzak ez ditu etorkinentzako berariazko laguntzak ematen. Gizarte bazterketa egoeran daudenen guzti – guztiei ematen zaizkie laguntzak, etorkinak izan zein ez izan».

Kalean gero eta hedatuago dagoen uste hori datuekin ezeztatzen ahalegindu zen Aierdi. Azaldu zuenez, Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako azterketen arabera, etorkinen %9k jasotzen ditu gizarte laguntzak, eta inoiz gizarte laguntzak jaso dituzten etorkinak %15 baino gutxiago dira. Donostiako Udalak egindako beste azterketa bat ere ipini zuen mahai gainean: 2003. urtean oinarrizko errenta jasotzen zutenak eta 2006. urtean jasotzen zutenak kontuan hartuta, %47,5 bertako herritarrak dira, eta %14,3 etorkinak. «Horrek agerian uzten du gizarte laguntzak jasotzen dituzten bertako herritarrak goitik behera doazela, eta etorkinak behetik gora. Lanean hasi aurretik, laguntza horiek jasotzen dituzte; baina behin – behineko egoera izaten da».

Cristina Blanco «atsekabetuta» azaldu zen gizartean gero eta zabalduago dagoen uste horrekin. «Estereotipo horiek ez dakit nondik ateratzen diren, baina oso ondo txertatzen dira gizartean. Horiei buelta ematea oso – oso zaila da, nahiz eta milaka datu eman». Aierdi bat etorri zen Blancorekin: «Niri familian bertan gertatzen zait hori. Datuak eman bai, baina ez dituzte sinesten».

Etorkinen ustezko abantailen inguruko eztabaida bizituz joan zen. Jatabik gogora ekarri zuen hemen bizitzeko baimena lortzen duen etorkinak urte batean sei hilabetez kotizatu behar duela gutxienez, eta bi urteko baimena lortuz gero, urte batean kotizatu behar duela. «Eta baimena lortu ezean, ez dago gizarte laguntzak jasotzerik». Era berean, Europara datorren etorkinaren helburua ahalik eta denbora tarte txikienean dirua aurreztea dela esan zuen, gero jatorriko herrira «arrakastatsu» itzuli ahal izateko. Hau da, etorkinak lanera etortzen direla esan zuen, ez gizarte laguntzen kontura bizitzera.

Lan egiteko asmoaren haritik tiraka, Marrok gogoratu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5 bakarrik direla etorkinak, eta horrek gizarte laguntza sare zabal eta egoki bat eskaintzeko aukera ematen duela. Eta zergatik etorkin gutxi gure artean? Bere hitzetan, hemen lana aurkitzea ez zaielako erraza. «Etorkinak gizarte laguntzak jasotzeko asmoz etorriko balira Europara, gure artean izango genituen, hemengo gizarte laguntzen sarea ona delako. Baina nahiago dute lana aurki dezaketen beste leku batzuetara joan».

BOTO ESKUBIDEA ETA LANA. Etorkinek jasotzen duten ustezko faborezko tratuaren inguruko eztabaidaren aurretik, etorkinen benetako gizarteratzea zer den eta noiz lortzen den azaltzen ahalegindu ziren hizlariak. Blancok azaldu zuenez, benetako gizarteratzea lortzeko etorkinak sentitu behar du gizarte horretako kide dela. Era berean, gizarteak ere onartu egin behar dituela esan zuen.

Aierdiren hitzetan, etorkinak gizarte bateko kide sentitzen dira lana dutenean eta beren nahiz beren seme – alaben etorkizuna nolabait finkatzen dutenean. «Gure, hemengoon, bizi – itxaropena ere horixe da. Lana izatea eta etorkizuna finkatuta izatea». Era beran, gizartea komunikabideek azaltzen dutena baino «normalagoa» dela esan zuen. «Komunikabideek beti jartzen dituzte fokuak arazoetan, hortik bizi direlako, baina benetako egoera da oso arazo gutxi izaten ditugula».

Aierdiren hitzekin bat egin zuen Hatabik. «Telebistan beren migrazio prozesuan porrot egiten duten etorkinak ateratzen dituzte bakarrik. Baina arrakasta izan dutenak askoz gehiago dira, adibidez, errenta aitorpenean 3.000 euro ordaindu behar dituztenak, eta horiek ez dituzte ateratzen».

Era berean, etorkinak gizarteko kide sentitzeko boto eskubidea izan behar dutela agertu zuen. Gogoratu zuenez, Frantzian alderdi politikoetan ere antolatuta daude Afrika iparraldeko etorkinak.

Euskal herritarrei kritika egiteko aukera ere izan zuen. «Guztiok nahi dugu gizarte eredu ideal bat, baina norberaren poltsikoa ukitzen denean, arazoak hasten dira. Eztabaidak amaitzen dira ‘guk euskaldunok honela egiten ditugu gauzak…’; eta noiz izango naiz ni ere ‘guk euskaldunok’ horretako kide?».

 

«Beren migrazio prozesuan porrot egin dutenak bakarrik ateratzen dituzte telebistan»

latif jatabi

azraf elkarteko kidea

 

 

«Etorkinek aldi batean bakarrik jasotzen dituzte gizarte laguntzak, lanean hasi aurretik»

xabier aierdi

immigrazioaren euskal behatokiko zuzendaria

 

 

«Gizarte laguntza sare ona izan arren, etorkinak ez datoz hona, euren helburu nagusia lan egitea delako»

jose roberto marro

jaurlaritzako immigrazio zuzendaria

 

 

«Etorkinen inguruan sortzen diren uste faltsuei datuekin buelta ematea oso – oso zaila izaten da»

cristina blanco

EHU – ko irakaslea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)