Bazar txinatarren ordutegiak mugatzeko lege proiektua onartu du Jaurlaritzak
Gehienez ere zortzi igande edo jaiegunetan ireki ahalko dituzte ateak 150 metro koadrotik gorako dendek
Berria, , 30-01-2008iban ocio
Bilbo
Saltzaile txikiei emandako hitza bete du Eusko Jaurlaritzak: onartu egin du bazar txinatarren jarduna mugatzeko lege proiektua. Administrazioak zehaztu du 400 metro koadrotik gorako dendek bete behar dituzten baldintza berberak bete beharko dituztela 150 metrotik gorakoek. Guztiek. Legeak, nolanahi ere, batez ere bazar txinatarrei eragingo die. Horiek dira igande eta jaiegun gehienetan ateak irekita dauzkatenak, egunero zabalik ordu gehien ematen dutenak, eta merkatarien elkarteen amesgaizto bihurtu direnak. Laster, ordea, urteko zortzi igande edo jaiegunetan soilik ireki ahal izango dituzte ateak, eta astero gehienez ere 72 ordu eman ahal izango dituzte salmentan.
Jaiegunetan, gainera, ezingo dituzte ateak ireki hamabi orduz baino gehiago. Eta, hori gutxi balitz bezala, ateak itxi beharko dituzte egun jakin batzuetan: abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, besteak beste. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 150 eta 400 metro koadro arteko 2.000 bat denda daude une honetan. Horietatik, bazar txinatarrak dira 500 bat, eta horiek dira saltzaile txikien kezka piztu dutenak. «Zentzuzko» ordutegiei jaramonik ez egitea eta sektoreak daukan «hitzezko akordioa» ez errespetatzea egotzi diete.
Legez, asteko zazpi egunetan ateak zabal ditzaketen saltzaile txiki eta ertain gehienek jai egiten dute igande eta jaiegunetan. Bazar txinatarrak, aldiz, «beti» zabalik daudela eta «betiko denda asko galbidera» eraman dituztela salatu du Ezkerraldeko (Bizkaia) Merkatarien Elkarteak, besteak beste. Neurriak hartzeko exijitu diote Jaurlaritzari askotan, eta Jaurlaritzak, azkenean, bazar txinatarren jarduna mugatzeko azken pausoa eman du. Hots, merkataritza ordutegiak zorroztera doa. Eusko Legebiltzarrak lege proiektua onartzea besterik ez da falta.
600.000 EURO ARTEKO ISUNAK. Ana Agirre Merkataritza sailburuak azaldu duenez, Administrazioak 30.000 eta 600.000 euro arteko isunak ezarri ahalko dizkie legezko ordutegiak errespetatzen ez dituzten saltzaileei. Kosta ahala kosta «lehia zintzoa» bermatzea eta langileek «lana eta familia uztartzeko aukera» izatea da Jaurlaritzaren helburua, azkeneko boladan hainbatetan errepikatu duenez.
Agirrek nabarmendu du, bestela ere, ez dutela lege proiektua adostu bazar txinatarrei begira. «Bazar txinatarra izan edo ez, baldintza berberak bete behar dituzte saltoki guztiek». Joko arauak berdindu guran dabil Administrazioa. Agirrek adierazi du, gainera, merkataritza ordutegiei lotuta ez dauden moldaketak ere ekarriko dituela lege proiektuak.
Besteak beste, merkataritzarekin zerikusia duten topagune ofizialen antolaketa errazteko neurriak dakartza. Jaurlaritzaren proposamenak aurrera eginez gero, ez da beharrezkoa izango Espainiako Gobernuari baimena eskatzea era horretako topaguneak martxan jartzeko Europako Batzordeak erabaki baitu barne merkatuko arauen araberakoa izan behar duela tokian tokiko azoken eta erakusketen antolaketak.
Lege proiektuak, gainera, udalen esku utziko du saltoki berriak martxan jartzeko baimenen kudeaketa 2010etik aurrera izango dute eskumen osoa.
«Baldintza berberak bete behar dituzte saltoki guztiek, bazar txinatarrak izan edo ez izan»
ANA AGIRRE
EusKO JAURLARITZAKO MERKATARITZA SAILBURUA
MeRKaTarITza orDuTeGIaK AraBAn, GIPuzKoan eta BIzKaIan
Urte bi eta erdi dira Eusko Jaurlaritzak merkataritza ordutegien legea ezarri zuela. Saltoki erraldoien jarduna ez ezik, 400 metro koadrotik gorako guztiena mugatu zuen. Eta, orain, 150 metrotik gorako dendena mugatzera doa. Honako hauek dira laster bazar txinatarrei ere eragingo dien merkataritza ordutegien legearen nondik norako nagusiak.
Jaiegunak eta igandeak. Saltoki txikiek noiznahi ireki ditzakete ateak. 400 metrotik gorakoek, aldiz, urtea zortzi jaiegun edo igandetan bakarrik. Une honetan, era horretako 1.000 saltoki daude Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, eta 20.000 langile batzen dituzte. Sektorean, denera, 111.000 daude eta legeak, beraz, hamarretik biri eragiten die.
Egun debekatuak. 400 metrotik gorako saltokiek ezin dituzte ateak zabaldu urtarrilaren 1ean eta 6an, maiatzaren 1ean, abenduaren 25ean eta herrialde bakoitzeko zaindariaren egunean ( uztailaren 31n Bizkaian eta Gipuzkoan, eta apirilaren 28an Araban).
Ordutegia. Aste osoko lanaldia aintzat hartuta, saltoki handiek gehienez ere 72 ordu eman ditzakete zabalik. Jaiegunetan, berriz, hamabi ordu.
Aurrekoak. «Balizko hainbat araudiren ondorioak aztertu ostean» onartu zuen Jaurlaritzak merkataritza ordutegien legea. Saltoki handiek 8-10 igandetan edo jaiegunetan ateak irekiz gero, denda txikiek kalterik jasango ez zutela azpimarratu zuen Ana Agirre Merkataritza, Industria eta Turismo sailburuak.
Helburuak. Legea onartuta, «auzoetako denda txikien iraupena» ziurtatu gura zuela esan zuen Administrazioak bere garaian. Legea 150 metrotik gorako dendei ezarrita, saltzaile guztiek txikienek izan ezik arau berberak bete beharko dituztela nabarmendu du orain.
ZenBaKIa
500
Bazar txinatarrak. Bilbon 75 bat daude. Donostian beste horrenbeste. Gasteizen 60 inguru. Baina hiriburuetan ez ezik, hiri eta herri gehienetan hedatzen ari dira bazar txinatarrak eta, denera, 500 bat daude Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.
(Puede haber caducado)