«Etorkinen aurkakoak, diskurtso ofizialak sorturiko erreakzioak dira»

Infinitua da bere ustez atzerrietatik heltzen diren pertsonei harrera egiteko herrialdeek duten ahalmena, immigrazioa fenomeno aberasgarri gisa baino ez du ikusten.

Berria, arantxa iraola, 27-01-2008

Donostia

Estatuen arteko mugarik gabe irudikatzen du Alain Morice (Paris, 1948) antropologoak planeta osoa, oro bat. Etorkinei ateak ixten dizkieten politikak irmo kritikatzen ditu. Donostian, SOS Arrazakeriak gonbidatuta, bere pentsatzeko eraren berri eman du.

Etorkinei ateak mugarik gabe irekitzeko defentsan diharduzuenek, sarritan, irainak jasan behar izan dituzuela aitortu duzu, edo ameslari erotzat hartuak izan zaretela… Nola egin aurre aurreiritzi horiei?

Gurea utopia sortzailea da. Ideia hauek defendatuz atzera botatzen ditugu arrazismoa eta xenofobia; eta egia da, orain urte batzuk irainak eta irri txikiak jasotzen genituela proposamen hauen aurrean, baina, gaur egun, erantzuteko liburuak idazten dira. Azken helburua, jendearen artean, gutxienez ere, zalantza sortzea da.

Egun Europan etorkinen joan – etorria kontrolatzeko indarrean dauden legerietan zer eragozpen ikusten dituzu?

Arazo handienetako bat boto eskubidearen ingurukoa da. Estatu batean herritar den orok eduki behar luke. Halaber, giza eskubideak eragozten dituzten neurri guztiak bertan behera laga beharko lirateke. Asilo eskubidea defendatu behar da, eta baita familia batuta bizitzekoa ere. Garrantzitsua da erretiroa hartuta dauden langile etorkinek ere eragozpenik gabe joan – etorriak egitea herrialde batetik bestera. Gainerakoan, askotan, beren jatorrizko herrialdera itzuli direla eta aitzakia gisa jarri, eta beren eskubideak galtzen dituzte. Neurri horiek gauzatzen joateak benetako zirkulazio askatasuna ekarriko luke.

Asiloa eskatzeko eskubidea etorkinek gero eta gutxiagotan erabiltzen dutela diozu. Zergatik?

Gerra Hotzaren testuinguruaren barruan eratu zen asilo eskubidea, eta Europa ekialdeko estatuetako jendeari automatikoki ematen zitzaion. Baina egun testuingurua oso bestelakoa da, eta arazo handiak eta jazarpen latza dituzten herrialdeetako herritarrek eskatu arren, Europan, oro har, gero eta interpretazioa murriztaileagoa egiten da eskubide horren inguruan.

Enpresaburuei komeni zaie, sarri askotan, paperik gabeko lanesku merkea, eta ondo datorkie egungo errealitatea. Zer egin behar dute estatuek horrekin amaitzeko?

Etorkinen egoera legeztatzeko indarrean jartzen diren aparteko neurriak bertan behera laga behar dira. Halaber, kontratu jakin bati lotuta ematen diren erresidentzia baimenak ere bertan behera laga behar dira. Kontratu mota horiek sarri askotan ematen dira aldi baterako beharginen kasuetan, eta ezin dira onartu. Eta, jakina, langileak trukatzen ibiltzen diren enpresen kontra ere egin behar da. Horrelako kasuak ugaritzen ari dira, esaterako, Espainiako enpresak badira Peruko langileak mailegatzen dizkietenak Frantziako lantokiei.

Gizartean etorkinen aurrean sortzen diren jarrera uzkurren atzean zer dago? Ezberdina den horren aurrean sortzen den beldurra da ardatza? Edo galera ekonomikoen kezka nagusitzen da beste ezeren gainetik?

Etorkinen aurkakoak ez dira fenomeno naturalak, diskurtso ofizialak sorturiko erreakzioak dira. Gobernuak ezaugarri negatiboak eransten dizkie herrialdetik kanporatu gura dituen populazioei. Orain gizaldi bete, esate baterako, italiarrak oso gaizki ikusita zeuden Frantzian. Sexismoaren aurkako mugimenduarekin gertatzen den bezala, arrazismoaren kontrakoa ere, alde horretatik, ez da inoiz bukatzen.

Zein baliabide izaten dira ardatza, etorkinen izena zikindu eta haien kontrako jarrerak pizteko?

Bada, adibidez, guk ikusi dugu, iritzi publikoa jasotzeko egiten diren inkestetan, zenbaitetan, aurrez ebatzitako erantzun bat bilatzen dela. Esate baterako, haurrak eskolan dituzten gurasoei galdetu izan zaie, zenbatgarren haur etorkinetik aurrera aterako luketen beren umea ikastetxetik…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)