'Hijos de Babel' musika lehiaketa estreinatuko dute gaur TVE1 katean

Etorkinek jatorri askotariko erritmoak eta abestiak interpretatu eta musika tresnak joko dituzte

Berria, , 22-01-2008

ainitze agirrezabala

Donostia

Hijos de Babel musika lehiaketa estreinatuko du TVE1 kateak, gaur 22:00etan. Etorkin artistek jatorri askotariko erritmoak eta kantak interpretatuko dituzte. «Integrazioa eta elkartasuna bultzatzea» dira saioaren helburuak. Horrez gain, XXI. mendean dagoen musika, kultur eta etnia aniztasuna islatuko dira lehiaketan. «Nazioarteko hurrengo izarra saio horretatik aterako da», adierazi du programako aurkezle Antonio Garridok. Lehiakideek abesteaz gain, musika tresnak ere joko dituzte.

Lehiaketarako casting-era 4.000 hautagaitik gora aurkeztu ziren, eta bost naziotako zortzi bakarlari eta bikote aukeratu dituzte saioan parte hartzeko. Lehiakideek 18 eta 42 urte artean dituzte, eta horien artean badira «iraganean zorigaiztoko istorioak» bizi izan dituztenak. Saioko zuzendari Javier Limonek lehiakideen maila ona nabarmendu du.

TVEko programazio zuzendari Eva Cebrianek kontatu du lehiaketako edukirik garrantzitsuenak kide bakoitza bere komunitatean nola integratzen den erakusten duten erreportajeak direla.

EPAIMAHAIA ETA SMS-AK. Asteartero eskainiko den galan, arrakasta zerrenden gisara, lehiakide bakoitzaren balorazioa eta jarraipena egingo dute. Bakoitzak rankingean duen lekua hiru elementuren araberakoa izango da: salmentak, kontzertuak eta ospea; epaimahaiaren balorazioa eta sakelako telefonoen bidez jasotako deiak eta mezuak. Epaimahaia Jose M. Camarak, Justo Molinerok eta Pastora Vegak osatuko dute. Puntuak zenbatu ondoren sailkapeneko azkenak programa utziko du. Casting-ak, ordea, lehiaketak iraun artean jarraituko du. Izan ere, lehiakide bat joango da eta berri bat sartuko da.

Astean bost egunez Madrilgo Algete herrian dagoen ikastegi batean entseguak egingo dituzte. Horretarako, Alejo Stivel, Fernando Montesinos eta Jose Ramon Flores musika ekoizleen laguntza izango dute. Irabazleak kontratu bat sinatuko du Sony BMG diskoetxearekin.

Gaurko galan David Bisbal eta Estopa izango dira. Azken talde horrek Allenrok bere disko berriko Cuando Amanece singlea interpretatuko du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)