Beste ikuspegi bat

Berria, Castillo Suarez, 22-01-2008

Etorkinez ari garela, maiz ez dute bat egiten – Euskal Herrian, esate baterako – harrera gizarteak eta harrera estatuak. Horrela, estatu batean dagoen aniztasunari gehitu behar zaio etorkinek dakartena. Bai etorkinak eta bai nazio gutxituak desabantailan daude, gainera, estatu nagusiarekiko. Horrelako egoera batean, estatuek duten immigrazio politika galga da nazio minorizatuarendako. Izan ere, nazio gutxituaren kultur eta hizkuntzazko ezaugarrietan eragina duen fenomenoa kudeatzeko euskarririk ez dute, beste gai askotan bezala: lan – harremanak, azpiegiturak…

Testuinguru honetan, eta eskumenetan sakontzeko eskaerak alde batera utzi gabe, identitatearen alderdia azpimarratu beharko litzateke. Etorkina kultura eta hizkuntza komunitate bateko kide sentitu dadin lan egin beharko litzateke; areago komunitate politiko nagusiko kide izateko zailtasunak ugariak direnean.

Bada Ricard Zapata – Barreroren esaldi bat niri oso argigarria iruditzen zaidana: «Egokitze politika ez da baliabideak kudeatzera mugatu behar, identitateak ere kontuan izan behar ditu». Hark esaten du kide izateko sentimendua landu behar dela gizarte – kohesioa lortuko bada, betiere aniztasuna onetsiz eta kultura publiko komunerako katalana hautatuz. Horrela, Zapata – Barrerok aipatzen du kudeaketarako unitatea ez dela etorkina izan behar, baizik eta etorkinen eta (bertako) herritarren arteko harremana espazio publiko bateratuan. Planteamendu oso interesgarria dela deritzot.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)