Pirata
Berria, , 18-01-2008Mustapha Ndiayek 24 urte ditu. Senegaldarra izatez, Espainiako hegoaldean bizi izan da, paperik gabe, musika eta film kopiak kalean saltzen. Azken sanfermin egunean, «egile eskubideen aurkako delitua» egotzita, Poliziak atxilotu zuen arte. Desagertuta dago ordutik, auskalo zein mareak zein porturaino eramana. Edo ekarria. Sanbari galdetu diot gaur, ea Mustapha izeneko senegaldarrik agertu ote den beren disko saltzaile taldera. Barre txiki batekin utzi du nire galdera airean. Ez dakit zein disko eskaini didan 3 euroan, barre txiki batekin utzi dut nire erantzuna airean, eta tabernatik joan naiz. Karibeko piratak saileko filmen kopiaren bat imajinatu dut Ndiayeren salgaien mantatxoan, tragikomedia ukitu bat ematen egile eskubideen gobernadoreek pirata izatera kondenatutako marinel soil horren gorabeherei. Eta lehorreko epaileek beren lana egin dute, beti bezain egoki. Zigor hau eman diote paperik gabeko senegaldarrari: 10 urterako kanporatuko dute Espainiatik, eta 3.240 euroko isuna kobratuko. Aurkitzen dutenean, noski. Piraten filmetako zigorrak erromantikoagoak dira, bai.
Mustapha Ndiaye moduko piratek beren bizipenekin egindako kontu eta kantuen eskubideak kobratuko ahal dizkigute, egunen batean…
(Puede haber caducado)