Frantziako Immigrazio Legeko DNA probek «bereizkeria» eragiten dutela dio Haldek

Etorkinen senideei eginiko probekin, bizi pribatuari erasotzen zaiola dio Frantziako aginte gorenak

Berria, AITOR RENTERIA, 17-01-2008

Baiona

Etorkinei DNA frogak egitean Frantziak Europako Batasuneko eta nazioarteko araudiak zangopilatzen dituela esan du Halde – k, bereizkeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko Frantziako aginte gorenak. Haldek nabarmendu du araudi horiek urratzen direla bereziki familia elkartzeko asmoz Frantzian sartzen diren haurrei hatz markak hartzen zaizkienean, nortasuna bermatzeko.

Haldek onartu du Frantziako Senatuak Immigrazio Legean aurreikusitako zangopilatze hori arindu duela, familiartasuna amaren kasura mugatuz. Adituen batzordeak gogora ekarri du legea etorkinen sortze agiriei buruzko mesfidantzan oinarritzen dela. Alta, ezkontza agirien kasuan mesfidantza bera egon daitekeela dio, aitatasuna zalantzan jarriz. Ama hila delarik familia elkartzeko prozedura ezin dela burutu azpimarratu du batzordeak, kasu horretan aitak ezin duelako haurra ekarrarazi. «Neurri hori gutxi baliatuko bada ere, susmagarritzat hartzen ditu familia elkartzea eskatzen duten pertsonak eta bereizkerian oinarritzen da».

Frantziako Parlamentuak eta Senatuak iazko urrian onartu zuten immigrazioa kontrolatzeko legea. Legeak etorkinek familiak Frantzian elkartzeko murrizketak onartzen ditu: besteak beste, nortasun agiriei buruzko zalantzak daudenean amei eta seme – alabei DNA probak egitea, beren familia lotura frogatzeko.

Legeak etorkinen bizi pribatua erasotzen duela dio Haldek, Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko zortzigarren artikuluaren kontra eginez. Batzordearen arabera, diskriminazioaren seinale dira etorkinei eskatzen zaizkien diru baliabideak. Izan ere, hainbat kasutan etorkinek ezin dute diru iturri hori lortu eta horren ondorioz eskubiderik gabe gelditzen dira. Frantziako Immigrazio Legeak eskatzen duen «integrazio» irizpidea betetzen ez delarik, etorkinei diru laguntzak moztuko zaizkie. Salmenta jarduerak egin nahi dituzten etorkinek baimen berezi bat eskatu beharko dute eta, Batzordearen iritziz, ez ditu hiritar guztiak berdintasunean hartzen, «bertakoen» eta etorkinen arteko bereizkeria eraginez.

Berdintasun irizpidearen izenean, Halderen arabera, ez da onargarria etorkinen eta frantziarren arteko bereizkeria indarrean jartzea. Legearen aitzinean herritar guztiei eskubide berak bermatu behar zaizkiela gogoratzen du.

Luis Schweitzer Haldeko presidenteak salatu du Frantziako Gobernuak ez diola legeari buruzko iritzirik eskatu Halderi. Hala ere, Haldek Frantziako Gobernuari – lehen ministroari eta Immigrazio ministroari – helarazi dio erabakia eta eskatu dio legea indarrean jartzeko dekretuak osatzerakoan elkarrekin biltzea, oinarrizko eskubideak urratzen ez direla bermatzeko.

HORTEFEUX – EK IRITZIA BAZTERTU DU. Brice Hortefeux Frantziako Justizia ministroak ez du aintzat hartu Halderen iritzia. Atzo esan zuen Halde agintaritza administratibo bat dela, «ez epaitegi bat», eta Frantziako Konstituzio Batzordeak ez zuela oharrik egin Haldek zalantzan jarri dituen puntuei buruz. «Frantziak, eztabaida juridikoaz haratago, eskubidea du hartu nahi duen edo ahal duena aukeratzeko».

 

Herritar guztiak ez dituela berdin tratatzen salatu du, «bertakoen» eta etorkinen arteko bereizkeria eraginez

 

Batzordearen arabera, diskriminazioaren seinale dira etorkinei eskatzen zaizkien diru baliabideak

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)