Europako musulmanei gutuna

Erlijioan oinarritutako bazterketa eta islamaren izenean egiten dituzten erasoak salatu dituzte 400 erakunde islamikok.

Berria, , 16-01-2008

a. e.

Gizakia gizaki denetik ezagutzen ez duenaren beldur izan da, eta oso gutxi behar da beldur hori gorroto bilakatzeko. Horixe gertatu zen Erdi Aroan gurutzadekin, eta gauza bera gerta liteke Mendebaldearen eta Ekialdearen artean ere, neurriak hartu ezean. Muturreko talde islamistek egiten dituzten erasoek musulmanekiko mesfidantza, beldurra eta, kasu batzuetan, gorrotoa zabaldu dute erlijio hori gutxiengoa den herrialdeetan. Hori dela eta, zazpi urtez lanean aritu ostean, islama defendatu eta erasoak gaitzesten dituen gutuna kaleratu du 400 taldek osatzen duten Europako Erakunde Islamikoen Federazioak. Haien iritziz, jihad edo gerra santua herrialde batek bere burua defendatzeko duen bideetako bat da, ez beste estatu bati erasotzeko aitzakia.

SOSTENGU ZABALA. Europan bizi diren 20 milioi musulmanengana iritsi nahi du erakundeak gutunaren bidez. Bertan salaketak egiteaz gain, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzen dute, beti ere musulmanen ohiturak errespetatuz; eta nabarmentzen dute ezkontza gizon eta emakumeen artekoa dela. Bide beretik familia «zoriontasun iturritzat» jotzen dute. «Europako iritzi publikoak musulmanen jarrera zein den jakitea nahi dugu», azaldu du Frantziako Erakunde Islamikoen Batasuneko presidenteorde Fouad Alaouik. Haren esanetan, Europan bizi diren musulman gehienak bat datoz testuan jasotzen diren ideiekin. Iritzi berekoa da Espainiako Liga Islamikoko presidente Ali Boussaid ere, esanez islamak moderatua behar duela izan.

Liskar iturri bilakatu den buruko zapiaren alde ere egin dute erakunde islamikoek gutunean. Testuak aldarrikatzen du musulmanek eskubidea dutela mezkitak eraiki eta eguneroko ekintzen bidez zapia janztea, esaterako islama praktikatzeko. Hain zuzen ere, zapiaren defentsa egin du Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek Madrilen egiten ari diren goi bileran. Haren esanetan, zapia ikur politiko gisa erabiliko balitz ere, ez litzateke debekatu behar. Turkia herrialde laikoa izanik, emakumeek debekatua dute hainbat eraikin publikotan zapiarekin sartzea. Ondorioz, askok aldarrikapen politiko bilakatu dute haren defentsa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)